argia.eus
INPRIMATU
Askatu dituzte Frantziako Poliziak Urruñan atxilotu dituen hiru ekintzaileak
  • Astearte goizaldeko 6:00etan atxilotu dituzte, eta Hendaiako komisariara eraman dituzte preso. Bidasoa Etorkinekin taldeko eta Etorkinekin Diakité federazioko kideak dira hiru atxilotutakoak. 18:30etan komisaria aurrean antolatu duten kontzentrazioa mantentzen dute elkarteek.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 21

Ohar laburra zabaldu dute Bidasoa Etorkinekin elkarteak eta Etorkinekin Diakité federazioak: "Gure elkarteko hiru kide atxilotu ditu frantses Poliziak goiz honetan. Poliziak haien etxeak miatu ditu, goizaldean, Urruñan eta geroztik Hendaiako polizia etxean daude. Ekinmolde hori irmoki gaitzesten dugu eta berehala askatuak izan daitezen eskatzen!". 15:00ak aldera askatu dituzte hiru ekintzaileak.

Atxiloketen berri Euskal Irratiak-ek eman du lehenik. Prokuradoreak irratiari baieztatu dio hiru atxilotuei leporatzen dietela "atzerritarren sarrera, zirkulazio edo egonaldi irregularra erraztea".

Atxiloketen aurkako elkarretaratzea

Etorkinekin Diakité federaziotik zenbait komunikabideri adierazi diete atxilotuak 50 eta 60 urte bitarteko herritarrak direla. Azaldu dute goizeko 6:00etan emakume  bat atxilotu dutela Urruñako etxebizitza batean, seme-alaben aurrean, eta ondoren bikote bat herriko beste etxe batean. Etxeak miatu ostean Hendaiako komisariara eraman dituzte atxilotuak.

Atxilotuen berehalako askatasuna eskatzeko kontzentrazioa deitu dute goizean bertan Bidasoa Etorkinekin elkarteak eta Etorkinekin Diakité federazioak. Kideka aske utzi badituzte ere, deialdia mantentzea erabaki dute. Arratsaldeko 18:30etan Hendaiako komisaria aurrean elkartzera deitu dituzte herritarrak.