Asteburuan hiru inkestak Espainiako hauteskunde orokorretan eta udal hauteskundeetan egon daitezkeen emaitzak aurreikusi dituzte. El Mundo, El Periódico eta Garak egin dituzte galdeketak. Hiruretan da nabaria Podemos alderdiaren gorakada.
Gipuzkoan, EH Bildu tinko
Garak egindako galdeketak EH Bilduk Gipuzkoan lehen indarra izaten jarraituko lukeela dio. Eskualdeei erreparatuz, Donostialdean gora egingo lukete koalizioaren aldeko bozek. Deba-Urola bailaran, ordea, aulki bi galtzeko arriskua du.
EAJk 2011ko maila berean jarraituko duela aurreikusten dute Gararen emaitzek, hamalau aulkirekin. Bizkaian berriro ere nagusi izateko aukeren gehiengoa dute jeltzaleek.
Podemosen Gipuzkoan ere baditu bozkatzaileak; %13,3k emango liokete botoa Pablo Iglesiasen alderdiari, inkesta horren arabera. PPk eta PSEk bozak galduko lituzkete igoera horren ondorioz, eta baita EH Bilduk ere; %5eko babesa kenduko lioke zehazki Podemosek alderdiak koalizioari.
Espainiako alderdi-bitasunaren haustura
Bestetik, Espainiako boto-intentzioa islatu du bere galdeketan El Mundok. Podemosek hauteskunde orokorretan bozen %28,3 lortuko lituzke, PP eta PSOEren aurretik; herritarren %26,3k eta %20k bozkatuko lituzkete orain arteko alderdi hegemonikoak, hurrenez hurren.
Inkesta horren emaitza baieztatuko balitz, Espainiako Kongresuan hiru zutabe nagusi egongo lirateke, eta sei talde txiki, %5etik beherako ordezkaritzarekin.
Katalunian ere, Podemos lehen postuan
El Periodicok Kataluniako egoera orokorra bildu nahi izan du. Galdeketa horretan Podemos da gailurra, bozen %22,8rekin.
Alderdi politiko bilakatu zenetik zortzi hilabete baino ez dira igaro, eta Herrialde Katalanetan oraindik ez du egitura jakinik, baina Kongresurako hauteskundeak gaur egingo balira, hamar eta hamabi aulki bitartean lortuko lituzke Podemosek.
Bartzelonan alderdi nagusia izango litzateke, eta baita gainerako probintzietako hiriburuetan ere.