argia.eus
INPRIMATU
Hiru hildako Nizan, labanaz egindako erasoaren ondorioz
  • Pertsona batek Nizako (Frantzia) Notre Dame basilikan hiru pertsona hil eta hainbat zauritu ditu labanaz. Poliziak pertsona bat atxilotu du. Terrorismoaren aurkako fiskaltzak hartu du bere gain ikerketa.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 29a
Notre Dame basilikako irudia. Argazkia: TF1

Naiz egunkariak France Presse agentziaren informazioa jaso du. Egunkari horren arabera, erasoa 9:00ak inguruan izan da eta erasotzaileak elizan ziren bi pertsona hil ditu, bata lepoa moztuta. Hirugarren hildakoa gertuko taberna batean aurkitu dute, erasoa jasan eta gero hara jo baitu bere burua babesteko.

Christian Estrosi Nizako alkateak adierazi du erasotzailea atxilotu dutela eta ospitalera eraman dutela, eraso-tokira iritsi diren lehen poliziek tiro egin eta zauritu dutelako. Bere ustez, “ez dago inolako zalantzarik” eta erasoa islamofaszismoari egotzi dio. Alkateak hedabideei azaldu die erasotzaileak “Allahu akbar” (Ala handia da) esaten zuela medikuek eraso-tokian artatu dutenean.

Duela bi aste ikastetxean Mahomaren karikaturak erakutsi zituen irakaslea zintzurra moztuta hil zuten Parisko aldirietan.