argia.eus
INPRIMATU
Hiru hildako Floridan tiroketa arrazista baten ondorioz
  • Larunbatean erasotzaileak hiru pertsona beltz hil ditu Jacksonvillen, AEBetan. Jacksonvilleko Poliziak adierazi du “erasoa arrazoi arrazistengatik" izan dela eta erasotzaileak “pertsona beltzak gorroto" zituela.

Ilargi Manzanares 2023ko abuztuaren 28a
Jacksonvillen hainbat pertsona elkartu dira biktimak omentzeko. Argazkia: John Raoux/AP.

Jacksonvilleko denda batean gertatu dira hilketak. Erasotzaileak, 21 urteko gizon txuria, hiru pertsona beltz hil ditu, emakume bat eta bi gizon. Hilketen ondoren, bere buruaz beste egin du. Dendara joan aurretik, Edward Waters unibertsitatean egon zen, ikasle beltzen presentzia handia izan duen unibertsitatea. Bertako segurtasun poliziek balen aurkako txalekoa jartzen ikusi zuten, eta liskar bat eduki ondoren, joan egin zen campusetik. Campuseko segurtasun langileek Poliziari abisatu zioten, baina iritsi zirenerako beranduegi zen.

Hilketak gorroto-krimen gisa hartuko direla adierazi dio FBIak Reuters-eri. “Hilketak arrazoi arrazistengatik izan dira eta [erasotzaileak] pertsona beltzak gorroto zituen” esan du Jacksonvilleko Sheriffak. Hiltzaileak erasoa egiteko erabili zuen armak svastika bat zuen margotuta, eta bere ordenagailuan hainbat manifestu arrazista aurkitu dituzte.