argia.eus
INPRIMATU
Hiru enpresa multzo hauek aurkeztu dira erraustegia eraikitzeko
  • Multinazional handi banak eta eraikuntzako hainbat enpresak osatzen dute EBE (Enpresen Behin-behineko Elkarte, gazteleraz, UTE) bakoitza. Multinazional horietatik bat, Urbaser, txinatarrek erosi berria da. Urriaren 27an amaituko da lizitaziora enpresa gehiago aurkezteko epea.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2016ko urriaren 11

Hauexek dira, Noticias de Gipuzkoaren arabera, erraustegiaren eraikuntza eta kudeaketa lanetara aurkeztu diren hiru enpresa multzoak:

- Sacyr eta Balzola (honen kide dira Balzola, Lurgoien eta Geotunel eraikuntza enpresak). Balzola da eraiki zituena Guggenheim museoa, BEC, Miramongo Institutu Onkologikoa, Bilboko Alhondiga, EHUko Paraninfoa, Quirón klinika...

- Acciona eta Campezo (honen kide dira Bidelan Gipuzkoako autobideak, Bizkaiko Txintor birziklategia, Grupo de Promoción e Infraestructuras SA, Planta de Tratamiento Arraiz SL, Transbisa Gestión de Infraestructuras SA. Taldeko enpresak dira Asfaltia, Reso eta Teusa). Campezok burututako lanen artean daude Euskalduna jauregia handitzea, Arraiz mendian TMBa eraikitzea, Areetako kaiaren urbanizazioa, Metropoli Hegoaldeko Saihesbidea (3A eta 4 tarteak), Alonsotegiko futbol zelaia...

- Urbaser eta Moyua, Murias, Altuna eta Uria (Gipuzkoako eraikuntza enpresak). Irailaren 26an jakin zen ACSk (buru Florentino Perez duena) bere taldeko kide zen Urbaser enpresa saldu ziola Ying Zhan Investment enpresa talde txinatarreko kide den Firion Investments izeneko etxeari. Moyua da Zubietako errauste plantaren orain arteko lanak eta iristeko bidea egin duena. Baita Gasteizko autopistako Bergara-Eibar eta Eskoriatza-Arrasate zatiak ere (obra horretako arduradunak Bidegi auzian inputatuak izan ziren). Altuna eta Uriak egindakoak dira, besteak beste, Balentziaga museoa, Kursaala, Bilboko Supersurra, Arriarango urtegia, Azkoitiko Oteizaren frontoiak, Orio, Irun eta Zarauzko frontoiak...

Noticias de Gipuzkoaren arabera, beste talde bat ere bazen aurkeztekoa, baina Aldundiaren baldintza teknikoekin ados ez eta atzera egin du.

Hurrengo epeak

Urriaren 27an amaituko da lehiaketa publiko horretara aurkezteko epea, hasieran aurreikusitakoa baino hilabete beranduago. Aldundiak aurreikusten du eraikuntza lanak urte berriarekin hastea, eta enpresei 30 hilabetean bukatua izatea jarri die baldintza. Epe horiek beteko balira, 2019an jarriko litzateke martxan erraustegia. Ikusteko dago EBEak lehiaketara aurkeztutako proiektuek eraikuntza epean murrizketarik eskainiko duten.

Finantzazioa

Eraikuntza lanetarako 212 milioi euro aurreikusi ditu lizitazioan Aldundiak. Ikusteko dago EBEak murrizketarik eskainiko duten. 2016an, lehiaketa irabazten duen EBEak kopuru horren %3a jarri beharko du (3,6 milioi euro). 2017an %28 (59,36 milioi) eta 2018an eraikuntzaren %75ek egon beharko du finantzatua (159 milioi). 2019rako eraikuntza lanak erabat ordainduta egotea da helburua.

Enpresa taldea hautatuko dutenak

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko batzarkide hauek dira erraustegiaren eraikuntza lanak egingo dituen enpresa taldea hautatuko dutenak.