argia.eus
INPRIMATU
Hiru euskal enpresa aberastu dira gehien Ibex-35ean, baina nola?
  • Gamesa, Azkoyen eta Faes Farma euskal enpresak dira 2015ean Espainiako Estatuko burtsan euren balioa gehien handitu dutenak. Egoera ekonomiko positiboa, ostera, ez da langileen egoerarekin bat joan. Gamesa eta Azkoyen enpresetan lanuzteak eta protestak izan dira azken urteetan.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2016ko urtarrilaren 07a
Datu ekonomiko orokorrak emaitza baikorragoak eskaintzen dituzte, baina letra txikiari erreparatzean bestelako irakurketak agertzen dira.

Haize errotak eta haize-sorgailuak ekoizten dituen Gamesa enpresa bizkaitarraren balioa %109 igo da 2015ean Ibex-35ean, eta indize espainiarreko balore hoberena bilakatu da. Aurten, ordea, Gamesaren egoera ekonomikoa ez da izan albiste nagusia: azaroan, Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen enpresak 2010ean egindako enplegu-erregulazioko espedientea. EEE horren ondorioz Altsasuko lantegia itxi eta 150 langile kaleratu zituen Gamesak.

Horrekin batera, Gamesak Espainiako Estatuan zituen beste lau fabriketako behin-behineko langileen kontratuak etetea erabaki zuen. ELAk salatu zuen enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztu zenean 115 milioi euroko etekinak zituela Gamesak, eta diru laguntza ugari jaso zituela.

Vending makinak ekoizten dituen Azkoyen enpresa nafarrak %132,5 igo du bere balioa 2015ean. Iaz, lau lanuzte egin zituzten langileek euren hitzarmen kolektiboa defendatu eta lan baldintzak hobetzea eskatzeko.

Faes Farma farmazeutikoak lortu du hirugarren suspertze handiena Ibex-35ean. Enpresa bizkaitarraren balioa burtsan %64,5 igo da 2015ean. Aipatzekoa da, erakunde publikoek gastu farmazeutikoan murrizketak egin badituzte ere, Faes Farmaren irabaziak %3 igo direla 2015ean. Arrazoietako bat Bilastina antiestaminikoaren salmenten igoera izan da, nahiz eta, botika horren inguruko txosten negatiboa kaleratu zuen Osakidetzak 2012an, bere eraginkortasun eza eta prezio garestia nabarmenduz.

Ekonomia doa gora ala prekarietatea?

Aipatutako enpresen adibideak erakutsi dezakete azken urteko joera zein izan den. Datu ekonomiko orokorrak emaitza baikorragoak eskaintzen dituzte, baina letra txikiari erreparatzean bestelako irakurketak agertzen dira.

Aurtengo ekainean, 2012ko otsailetik lehen aldiz, 200.000 langaberen langa jaitsi zen Hego Euskal Herrian; 193.160 langabe daude gaur egun. 20.397 langabe gutxiago izan dira 2015ean. Enpresa askoren egoera onen eta langabeziaren azken datuek hobera egitearen atzean gobernu eta patronalek ekonomiaren suspertzea ikusi dute; sindikatuek aldiz, lan prekarietatea.

Langabeziaren azken datuen inguruan LABek adierazi du susperraldiaren onurak ez direla modu justu eta zentzuzkoan sumatzen ari lan munduan: “Sortzen den enplegua prekarioagoa eta geroz eta okerrago ordaindua da”. Euskadiko CCOOk bat egin du baieztapen horrekin: “Langabezia jaitsi arren, ezin dugu esan datuak positiboak direnik, kontratazioa prekarioa delako, denbora laburrerako eta partziala”.

2015. urtean sortu den enplegu guztiaren %94 inguru aldi baterakoa izan da; %6 inguru mugagabea.