argia.eus
INPRIMATU
Hiru egunetik behin langile bat hil da Euskal Herrian, urtea hasi zenetik
  • Durangon 47 urteko langilea hil da asteartean eta jadanik istripuz hildako 14. behargina da aurten Euskal Herrian, LABek emandako datuen arabera. Fumbarri lantegiko teilatuan lanean ari zela erorita hil da langilea eta azpikontrataturiko enpresa batentzat ari zen. Sindikatuek lanuztea eta elkarretaratzeak deitu dituzte asteazken honetarako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko otsailaren 14a
Durangoko Fumbarri lantegiko teilatua konpontzen ari zela erori eta hil da 47 urteko langilea

Fumbarri galdategiko teilatua berritzen ari zela 15 metroko altueratik erori eta 47 urteko behargina larri zauritu da asteartean Durangoko San Roke auzoan, handik gutxira zendu da.

Langilea, Lantaronen egoitza duen Portocubiertas azpikontrataturiko enpresarentzat ari zen lanean, CCOOk jakitera eman duenez. Osalanek azaldu du Ertzaintza ikertzen ari dela gertatutakoa.

LABek emandako datuen arabera, arnesa jarrita zuen, baina litekeena da segurtasun neurriren batek huts egitea: "Ohikoa da obretan, segurtasun neurriak bermatu behar dituen errekurtso prebentiboa ez egotea eta modu honetan, une askotan langileak segurtasunik gabe lan egitera behartuta egoten dira", azaldu du sindikatuak.

"Prekaritatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktore bat da"
(LAB sindikatua)

Eraikuntza sektore hilgarrienetako bat bilakatu da, eta hori bizi dituzten baldintza txarren ondorio dela nabarmendu du sindikatuak: lanaldi luzeak, azpikontratazioa, autonomo faltsuak, prestakuntzarik-eza... "Prekaritatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktore bat da", azaldu du.

ELA sindikatuak ere salatu du heriotza, eta azpimarra jarri du enpresek dituzten erantzukizun zuzenez gain, badaudela "beste arduradun" batzuk: "Baliabiderik ematen ez duten eta lehentasunik ezartzen ez duten Gobernuak eta erakundeak".

Hiru egunez behin heriotza bat

Urte hasiera oso beltza ari da izaten lan istripu eta laneko heriotzei dagokienez. 44 egunetan 14 heriotza izan dira Euskal Herrian –LABek egindako zenbaketaren arabera–, edo bestela esanda: hiru egunetik behin langile bat hil da beharrean ari zela.

Egoera horren aurrean LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek Bilbon mobilizazioa deitu dute asteazken honetan, Eusko Jaurlaritzako egoitzatik abiatuta, "patronalaren eta gobernuen jarreraren aurrean" 2024ko urte hasiera gogorra salatzeko.

Horrez gain, Durangon Funbarri enpresako langile batzordeak (LAB eta CCOO) deituta lanuztea egingo dute eguerdian eta elkarretaratzera deitu dituzte langileak lantegi atarian, ELAk ere elkarretaratze horri babesa eman dio.