argia.eus
INPRIMATU
Hiru egunetan hiru ekologista hil dituzte Latinoamerikan
  • Urtarrilaren 15 eta 17 bitartean hiru ekologista hil dituzte Latinoamerikan: Isidro Baldenegro lider indigena Mexikon, Laura Vasquez ekologista Guatemalan eta Emilsen Manyoma ekintzailea Kolonbian. Hirurak pertsona ezagunak euren herrialdeetan, giza eskubideen eta naturaren defentsan aritzeagatik.

     

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2017ko urtarrilaren 24a
Laura Vasquez, Isidro Baldenegro eta Emilsen Manyoma ezkerrretik eskuinera.

Isidro Baldenegro urtarrilaren 15ean hil zuten. Chihuahuako tarahumaru komunitateko kidea zuhaitz mozketen eta indigenen lurraldearen defentsan aritu zen urte luzez. Lan horregatik  Goldman saria irabazi zuen 2005ean eta mundura zabaldu zuen Mexikoko indigenek bizi duten egoera gogorra: “Ez dituzte gure lurralde eskubideak onartzen, enpresariek nahi dutenean inbaditzen gaituzte eta gure bizitzak jarduera ilegaletan dabiltzanek kontrolatzen dituzte”. Baldenegrok askotan salatu zituen zurarekin lan egiten duten enpresarien eta narkotrafikatzaileen arteko itunak.

Urtebete baino gutxiagoan hiltzen duten bigarren Goldman sariduna da mexikarra. Bestea Berta Caceres hondurastarra izan zen 2016ko martxoan.

Urtarrilaren 16an hil zuten Laura Vasquez guatemalarrak zazpi hilabete igaro zituen kartzelan 2013an San Rafael de Las Floreseko Bizitzaren Defentsarako Batzordeko kide izateagatik eta San Rafaelen abiatutako meatze-proiektuaren aurrean erresistentzia baketsuan parte  hartzeagatik. Tahoe Resources enpresak aurrera jarraitu zuen meatzaritza lanekin gizartearen oposizio izan arren eta galdeketarik egin gabe. Vasquez aske utzi zuten egotzitako delituen frogarik ez zutelako.  Hau ez da, ordea, proiektu honen aurkakoen lehen hilketa, 2013an Xinca Exaltación Marcos Ucelo lider indigena hil zuten.

Emilsen Manyoma CONPAZ Komunitateak Lurraldeetan Bakea Eraikitzen taldeko liderra zen Buenaventuran eta FUNDECALIMA Calimako Garapenerako Fundazioko kidea. Kolonbiarra ezaguna zen herrialde osoan droga trafikatzaileei eta talde paramilitarrei aurka egiteagatik. Bere gorpua urtarrilaren 17an aurkitu zuten, bere senarrarenarekin batera. FARCen arabera, hiltzailea gerrillako desertore bat izan daiteke, Manyoma beraren anaia.

Urtero ehunka aktibista hiltzen dituzte. 2015ean hildakoen %40 indigenak izan ziren eta %66 Latinoamerikan hilak, Ekologistak Martxan taldeak adierazi duenez. Kasu gehienetan zigorgabetasuna da nagusi.