argia.eus
INPRIMATU
Hiru diputazioentzat 50 milioi euroko isuna proposatu du Europar Batasunak
  • Europar Batasuneko (EB) Justizia Epaitegiko abokatu nagusi Eleanor Sharpstonek Espainiako Estatuak opor fiskalengatik 50 milioi euroko isuna ordaintzea proposatu du. Isuna EAEko hiru diputazioentzat da, 90eko hamarkadan 300 enpresari legez kanpoko zerga pizgarriak eman eta diru hori garaiz ez berreskuratzeagatik.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 24a
Isuna ezarriz gero diputazioek erabaki beharko dute zein proportziotan ordaindu. Argazkia: bizkaia.net.

Sharpston abokatuarena proposamena baino ez da, baina proposamen horien %80 epai bihurtzen da. Abokatuak berak aitortu du isun proposamena munta handikoa dela (50 milioi euro, Europako Batzordeak proposatutakoa baino 14 milioi euro gutxiago). Halako proposamena egiteko arrazoi nagusitzat eman du foru aldundiek etengabe bete gabe utzi zituztela auzitegiaren epaiak, alegia, legez kanpo emandako zerga pizgarriak berreskuratzeko epeak ez dituztela errespetatu. Beste bi arrazoi ere eman ditu: bata, halako neurriek merkatuari eragin ziezaieketela, eta bestea, 300 enpresei emandako zerga pizgarriak kopuru handikoak izan zirela.

Gipuzkoak, Bizkaiak eta Arabak berreskuratu dute dirua. Dena dela, Europako abokatuak berreskuratu beharreko kopurua murriztu du, Batzordeak egindako proposamenarekin alderatuz. Batzordeak 358 milioi euro berreskuratzea proposatu bazuen, atzo abokatuak 322,3 milioi euroko zifra ezarri zuen. Arabak 212,4 milioi (%65,89) jarri beharko luke, Bizkaiak 68,7 milioi (%21,31) eta Gipuzkoak 41,2 milioi (%12,8).

Europako gorteak isuna ezartzea erabakitzen badu Batzordeak Espainiako Estatuaren administrazioari eskatuko dio ordaintzea. Espainiako Gobernuak ordea, argi du foru aldundiek ordaindu beharko dutela. Bizkaiak eta Gipuzkoak aurreratu dute emandako opor fiskalen kopuruaren arabera ordaindu beharko litzatekeela isuna.