Gasteizko epaileak auto elektrikoa sustatu zuten sei enpresariren kontrako kereila onartu du. Fiskalak dio “plan bat” sortu zutela diru publikoa poltsikoratzeko.
Hiriko auto elektrikoaren proiektuari ia 18 milioi euro eman zioten Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2010 eta 2011n. Autoaren prototipo bakarra egin ostean hondoa jo zuen, langileei ordaintzeari utzi zion eta hartzekodunen konkurtsoa aurkeztean irregulartasun ugari azaleratu ziren gestioan.
Jon Izaguirre Arabako fiskalaren ustez Afypaida muin zuen egitura sozietarioa sortu zuten diru hori guztia euren probetxurako erabiltzeko. Hala, sei enpresariren kontrako salaketa jarri du auzitegian, besteak beste fakturak faltsifikatu eta 6,4 milioi euro desbideratu zituztelakoan. Gasteizko instrukzio-auzitegiko Beatriz Eva Roman epaileak onartu egin du kereila eta bere aurrean deklaratzera deitu ditzake guztiak.
Eusko Jaurlaritzako Garapen sailburu Arantza Tapiak esan du diru-alguntzak aztertuta dituela, baina erakusten bada dirua “desbideratu” zela akusazio partikular gisa aurkeztuko dela auzian.
Hiriko proiektuak Ibarretxeren gobernuaren garaian du jatorria eta EAJko zenbait kiderekin lotura estua izan du. Tartean daude, esaterako, Jesús Echave EAJren Kutxabankeko kontseilari ohia, eta Iñigo Antia Gasteizko zinegotzi jeltzalea izandakoa.