argia.eus
INPRIMATU
Hiri bat eta estimuluen karrusela
Udane Barinagarrementeria Laka 2025eko urriaren 03a
Udane Barinagarrementeria Laka/ARGIA CC-BY-SA

Rodeo eta Dena

Non: Bilboko Kafe Antzokian

Noiz: irailaren 18an

--------------------------------------------

Bilbo, sargoria, udako azken ostegunez. Bihotz Sakratuaren plaza bete dute Palestinaren aldeko oihuek, enegarrenez. Kilometro pare bat harago, Mariaren Bihotza plazan, hamar bat polizia daude pertsona arrazializatu bakar baten inguruan, auskalo zer esaten edo exijitzen. Plaza horretara kontzertuak ikustera heldu berri gaude gu, jendez betetako terrazen artetik. Ordubete lehenago, hirira manifetara eta kontzertuetara joaten garen jende klase hori elkartu gara herrian. Inguruko musika taldeak ikusteko plana dugu gaur: Sarean-en lehenengo eta Kafe Antzokian gero. Bakarren batek Antzokira egin du zuzen, Kutxa Beltzan aurretik beste kontzertu bat ere baitzegoen.

Afterpost kolektibo autogestionatuak ikasturteko lehenengo kontzertuak antolatu ditu eta jendez lepo dago espazioa. Haatik-en post-hardcorea eta Zikinen punka. Trabakua, Lekeitio. Oihu urratu poetikoagoetatik, oihu urratu zuzenetara. Eixu Zeuk, anaitasuna eta Fuck Israel. Amaitzear zela, Google Maps eskuan, korrika txikian egin ditut San Frantzisko kaletik Albia lorategirainokoak. Heldu naiz, izerditan baina garaiz, hiriaren abiadura zentzugabea jada barruan sartuta.

Bigarren fasea: Antzokian jendea tantaka, zestoarren stoner doinuak hastean. X lana aurkezten ari da Rodeo, hamarkada bateko ibilbidearen karietara. Ostean jo duen Dena talde ondarrutarra ere Anabasa lanaren aurkezpen biran dabil. Elkarketa polita iruditu zait, elkar ukitu eta nahasten direlako bi taldeen soinuak, baina batez ere, nondik eta zertarako kantatzea dutelako sormenerako lokatz komun: herri txikietako gazteriaren errealitatea(k), eguneroko borroka txiki zein handiak, galderak, zauriak. Eta Israel suntsitu.

Egunerokoan herritik hirira joan-etorrian nabilelako izango da agian. Baina gaurkoa lako egunetan, sentimendu kontraesankorrak pizten dira nigan. Gozatu ditut kontzertuak, baina, benetan, ze nezesidade etengabeko estimuluen karrusel honetarako. Herriko baretasunera bueltatzeko gogo-bulkada hazten zait horrelakoetan; faltan hartzen ditut gauetako kale eta agenda hutsak. Gehiegizko hustasunak nazkatu eta berriz hirietako planak bilatzen hasten naizenera arte.