argia.eus
INPRIMATU
Hipotekek eta lurzoruaren prezioek gora egin dute Hego Euskal Herrian
  • Etxebizitzen salerosketak, aldiz, behera egin du nabarmen. EAEn 258.000 euro balio dute hipotekek batez beste, Nafarroan, berriz, 187.000 euro. 

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 05
Hego Euskal Herriko hipoteken prezioa Espainiako Estatukoko batez bestekoa baino garestiagoa da, eta beste lurraldeetan baino jaitsiera handiagoa izan dute etxebizitzen salerosketek.

Hipotekek eta lurzoruaren prezioek gora egin dute Hego Euskal Herrian azken urtean. Notariotzaren Informazio Estatistikako Zentroak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxoan sinatutako hipotekak Espainiako Estatuko hirugarren garestienak izan dira. Bosgarren dago Nafarroa. Hurrenez hurren, 258.327 eta 187.028 euro balio dute hipotekek. Espainiako Estatuko batez bestekoa 160.000 eurokoa da.

Etxebizitza gutxiago erosi dira Hego Euskal Herrian. Nafarroan %35 jaitsi da etxebizitzen salerosketa, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %22,4. Espainiako Estatuko beste lurralde batzuekin alderatuta, hipotekak proportzio handiagoan garestitu dira eta erosketek, aldiz, jaitsiera handiagoa izan dute.

Lurzoruaren prezioak gorantz egin du 2015az geroztik, eta azken urtean ere joera mantendu egin da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan metro koadroak 2.513 euro balio du batez beste, eta ia 2008ko krisiaren aurreko prezioetara iritsi da. Nafarroan, berriz, 1.440 euro balio du metro koadroak. Espainiako Estatuan hirugarren eta zazpigarren lurralderik garestienak dira.