argia.eus
INPRIMATU
Langabezian dago hipoteka ordaindu ezin dutenen %70 espainiar estatuan
  • Etxegabetzeen eta etxebizitza eskubidearen inguruko hainbat datu zabaldu ditu Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH). Datuok eskuratzeko, azken bi urteetan hipoteka ordaintzeko zailtasunak izan dituzten 11.561 lagunen kasuak aztertu dituzte, DESC behatokiarekin elkarlanean. Irailean argitaratuko duten txosten mardulago baten aurrerapena da.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko uztailaren 9a
(Argazkia: arndigital.com)

Webgunean argitaratutakoaren arabera, hipoteka ez ordaintzearen arrazoia langabezia da kasuen %70ean; kaltetuen %59k gutxienez erdi-mailako ikasketak ditu. Jatorriari dagokionez, %82 espainiar estatuan jaio da.

Etxegabetzeen aferak kaltetutakoen %83k ez du beste etxebizitzarik, ez jabetzan, ez eta alokairuan ere. Arazoak eragindako etxebizitzen %70ean, adin-txikiko bat bizi da gutxienez.

Bankia, Banco Santander eta BBVA dira etxegabetze gehien egin dituzten kreditu-erakundeak; hiruen artean, aztertutako kasu guztien %45 biltzen dute. Kaltetuen %84 bankuarekin adostasun batera heltzen ahalegindu da, baina %93k negoziazioaren emaitza txartzat jo du.

PAHk salatu du datu ofizialak ez izateak “arazoaren larritasuna” ezagutzea eta erabaki politikoak hartzea zailtzen duela. Egoera horri buelta emateko saiakera izan da erakundeak bi urtez egin duen bilketa lana. Haien hitzetan, emaitzak “erabat kezkagarriak” dira.