argia.eus
INPRIMATU
Hilzorian diren egoiliarrek senide bat ondoan izatea aztertzen ari da Nafarroako Gobernua
  • Zahar egoitzetan adinekoak konfinatuta daude eta ez dute senide eta lagunen bisitarik jasotzen Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik. Bisitarik gabe egotea gogorra bada, are latzagoa da hilzorian direnek gertukoen azken agurrik jaso ezin izana. Nafarroako Gobernua protokolo berri bat ari da prestatzen larri dagoen egoiliarraren ondoan senide bat egon ahal dadin azken egunetan.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 10
Adinekoak egoitzetan bakarrik hiltzea saihestu nahi du Nafarroako Gobernuak.

EITBk emandako informazioaren arabera, Inés Francés Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak aurreratu zuen albistea apirilaren 9an eta adierazi zuen Osasunbidearekin eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzarekin elkarlanean ari direla. Hala esan zuen Francések: “Konfinamenduan egon arren, azken agurra erraztea da helburua. Etxeko bat alboan izateak azken une gogor hori samurtu dezake”.

Zarauzko Beroiz familian halako egoera bat bizi izan zuten, aita bakarrik hil zen, eta Berria egunkariak jaso zuen haiei gertatutakoa. Zarauzko Santa Ana egoitzan Covid-19a zuela hil zen aita denbora tarte laburrean. Ezin izan zuten berarekin egon azken egunetan eta horixe egin zitzaien latzena. Hala adierazi zion senide batek Berria egunkariari: “Gogorrena aita agurtu ezina izan da”. Gorpua ikusteko aukera eman zitzaien: traje berezia jantzita, bi metrora, eta berrogeialdia beteko zutela hitza emanda. Senideek hala ez ikustea erabaki zuten. Ama ere egoitzan dute eta hark ere koronabirusean positibo eman du. Bakartuta dago. Hala dio senideak: “Orain izutzen gaitu pentsatzeak ama ere bakarrik hilko dela”.

Ama ezin ikusi

Duela egun batzuk ARGIArekin hitz egin zuen Bizkaiko egoiliarren senideen Babestu elkarteko kide batek eta hark bere amarekin izaten ari den esperientzia kontatu zuen. Ez zuen egiazko izen-abizenik eman nahi izan, ezta egoitza zein den ere. Senidearen kezka handiena ama bisitatu ezina zen eta teknologia bidezko harremana izateko protokoloak ez abiatzea salatzen zuen. Ondoko lerroetan duzue pasarte bat eta osorik lotura honetan:

Amaia amaren egoitzatik oso gertu bizi da, baina orain ezin joan. Amari buruz informazio gehiago izan nahiko luke edo berarekin harremanetan jartzeko moduak abian jarri. Bi asteotan argazki bat bidali diote martxoaren 31n eta bi astean behin beti egiten duen moduan erizainarekin hitz egin du. Gainerakoan, amari buruz ez baizik eta egoera berezi honi buruzko informazio orokorra jasotzen du, beste senide guztiek bezala. Amarekin ezingo luke elkarrizketa bat izan bideo-konferentziaz, duen gaitzagatik, baina Amaiak uste du egoitzak senideei galdetu beharko liekeela nola nahi duten komunikazioa bideratu egun hauetan: “Ez didate galdetu nola nahi ditudan izan harremanak amarekin. Telefonoz deitu eta ziurrenik lantaldeko psikologoak edo gizarte laguntzaileak artatuko zaitu eta esango dizu ama ondo dagoela eta dena ondo dagoela. Bere hitza da, baina nik ama ez dut ikusten, ezta orokorrean zer dagoen ere. Argazkian ikusi dut ama, baina nik ez dakit egunero ateratzen duten ohetik, adibidez. Agian telefonoz deitu eta nik hitz egingo nioke amari, nahiz eta berak ez erantzun. Kasu batzuetan psikologoak ari dira esaten zein egoiliarrek duten familiarekin komunikatzeko behar handia. Nork jarriko ditu irizpideak gure senideekin komunikatzeko, psikologoak, egoitzako zuzendariak?”. Amaiak dioenez, egoitzaren zuzendaritzak ez du antolatu egoera berezi honetarako komunikazio plana, eta beraz, matraka handiena ematen duen senideak lortzen du senidearekin harreman estuena izatea. “Nik ia langile guztiak ezagutzen ditut eta lanez lepo dagoenari ezin diot esan orain bideokonferentzia nahi dudala amarekin. Gainezka daude. Antolatu eta langilea propio jarri behar zuten horretarako. Beste egoitza batzuetan hala ari dira”.