Eutanasia edo suizidio lagundua gisako hitzak nahita saihestuta, “hiltzeko laguntza aktiboa” baimentzen duen legea onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak. Senatuaren oniritzia jasoz gero, 2027an sartuko litzateke indarrean legea, kasurik azkarrenean.
50 urtez luzatu den eztabaidak lehen urratsa eman du maiatzaren 27an: 305 diputaturen aldeko botoekin eta 199 diputatu kontra dituela, onartu egin dute hil nahi duen pertsonak horretarako laguntza jaso ahal izatea baimentzen duen legea. Hitz eta kontzeptuei garrantzia eman diete, eta adibidez, “heriotza eragin dezakeen produktuaren auto-administrazioa” gisakoak erabili dituzte.
Baldintza ugari bete behar ditu, aukera horretaz baliatu nahi duenak. “Modu askean eta argitasun osoz” hautatu behar du borondate hori pertsonak, adinez nagusi izan behar da eta frantziar hiritartasuna izan behar du, sendatu ezin den gaitz larria eta fase aurreratuan edo terminalean. Hori guztia batuta, sufrimendu fisikoa edo psikologikoa frogatu behar du, hiltzeko laguntza eskatu ahal izateko.
Aukera hori baliatzen dutenen borondatea eragozten saiatzen direnentzat, bi urte arteko kartzela-zigorra eta 30.000 eurorainoko isuna aurreikusten ditu legeak. Puntu horrek ere eztabaida piztu du asanblean.
Zainketa aringarriak
Legeak beste atal bat ere badu, zainketa aringarriei lotuta. Funtsean, sufrimendua arintzeko tratamenduak arautzeko eta horretara jotzeko bidea hobetzeko neurriak aurreikusten ditu legeak. Atal hori aho batez onartu dute diputatuek.
Legeak oraindik bidea du egiteko. Udazkenean senatura helduko da eta gero asanbleara itzuliko da. Osasun ministroak aurreikusitakoaren arabera, ondo bidean 2027an sartuko litzateke indarrean, kasurik azkarrenean.