Eraikiko al zenuke hondakin nuklearren biltegi bat “arrisku geotekniko garrantzitsuak” dauden leku batean? Enresa enpresa publikoak hori egin nahi du Espainiako Villar de Cañas herrian.
Hilerri nuklearra eraikiko duen enpresak berak aitortu du arriskua webgunean jarri duen txosten tekniko batean. Enpresak dio inguruan dauden “forma karstikoak, igeltsu harrian garatuak” arriskutsuak izan litezkeela. Igeltsu hori disolbatu liteke eta lurra hondoratzea eragin.
Gainera, hondakindegia eraiki nahi duten lekutik 500 metrora Záncara ibaia dago eta azkenaldian hazita etorri denez, segurtasunaren inguruko kezka handitu da.
Enresak nabarmendu du hondakin nuklearren biltegia egongo den lekura urik ez dela iritsi eta bukatzekotan dela terrenoari buruzko ikerketen lehen fasea.
“Logikoena ikerketa horiek lehenago egitea da eta ez gero” adierazi dio El País egunkariari Espainiako Ekologistak Martxan mugimenduko Carlos Villetak.
Enresaren iritzia ere jaso du Prisa taldeko periodikoak: Hondakin atomikoen biltegia “ia edozein esparrutara” egokitu litekeela adierazi du eta Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak ematen dituen gidalerroak ekarri ditu gogora.