Leire Aperribai psikologian doktoreak hilekoaren aurreko sintoma fisiko eta psikologikoak detektatzeko tresna bat garatu du. "Emakume batzuek hilekoaren aurreko egun eta astean hainbat asaldura pairatzen dituzte, eta horiek antzemateko screenning edo kriba-tresna bat egin dugu; profesionalek erabiltzeko galdera sorta bat da", azaldu du Goienak plazaratutako elkarrizketan.
Sintoma horiek fisikoak edo psikologikoak izan daitezkeela dio Aperribaik: "Tripako minak, buruko minak eta horrelakoak, fisikoei dagokienez; eta psikologikoak, berriz, depresio, herstura edo antsietateari edo portaera ezberdinei lotutakoak; hau da, gehiago jan beharra edo loaren portaeran aldaketak. Hilerokoaren aurreko astetik edo bezperan etor daitezke sintoma horiek eta hilerokoarekin batera edo hurrengo egunetan desagertu egin beharko lirateke".
Desagertzen ez badira, emakumeak beste arazo eta gaixotasunen bat duela adieraziko luke, Aperribairen arabera. "Nagusitzen diren sintomak depresiboak badira, adibidez, depresioarekin lotutako zerbait izan dezakegula erakutsi ahal du edo ditugun sintomak herstura edo antsietatearekin lotutakoak badira, hersturarekin lotutako nahaste batekin pentsatu beharko dugu eta ez hilerokoarekin lotutako nahaste baten".
Aperribairen hitzetan, hilekoaren inguruan hainbat mito dago. "Batetik, badaude emakumeak, asaldurak dituzten arren, hilerokoarekin lotu nahi ez dituztenak. Hau da, hilerokoaren aurreko nahaste hau existitzen ez den sinesmena dagoelako. Baina badago beste muturrean, beste mito bat, emakume guztiok hilerokoaren aurretik gorabehera handiak ditugula. Egin dudan azterketa honek balio du mito horiek apurtu eta esan ahal izateko badaudela asaldura horiek jasaten dituzten emakumeak, baina gutxiengoa direla. Hilerokoa dugun emakumeetatik, %5 lirateke aldaketa edo sintoma horiek dituztenak".
Irakurri elkarrizketa osoa Goiena.net-en: "Hilerokoarekin lotutako sinesmenak apurtzeko, zientifikoki frogatutako tresna baliagarria da".