Hilabete pasa da, Udalaren aginduz, Gasteizko Alde Zaharreko Santo Domingo kaletik bederatzi familia euren etxeetatik irtenarazi zituztenetik. Santo Domingo Bizirik plataformak jakitera eman duenez, familia batzuei lau aldiz aldarazi diote etxez eta gehienak egoera “tamalgarrian” bizi dira. Udalaren jarrera “utzikeria hutsa” dela diote bizilagunek. Larunbatean kazelorada egingo dute Gasteizko Alde Zaharrean.
40 eta 42 zenbakieetako etxebizitzak “erortzeko arriskuan” zeudela argudiatuta, Gasteizko Udalak 72 ordu eman zizkien bertako bizilagunei eraikina husteko. Ordutik ziurgabetasunez bizi dira bizilagunak: etxez-etxe mugitu dituzte hainbat familia astebeteko epean, sukalderik gabeko ostatuak eskaini dizkiete eta, lau asteren ondoren, ez dute irtenbiderik jaso Udalaren aldetik.
Santo Domingo Bizirik! Plataforma sortu dute bizilagunek egoerari elkarrekin aurre egiteko. Udalaren “axolagabekeria” eta jarrera “pasiboa” salatzen dute: “Gure etxeetatik kanporatu gaituzte inongo bermerik gabe”. Azken hilabeteetan kaleak jasan duen “kriminalizazioa” ere nabarmendu dute: “Bizi handiko kalea izan da Santo Domingo. Eraikinak zaharrak direla badakigu baina ez dugu inongo laguntzarik jaso hauek berriztu ahal izateko. Alde Zaharrean gaude, oso toki estrategikoan, eta gure kontura Udalak etekina atera nahi du”.
Beste leku batzuetara bidali dituzten bizilagunek diote oso toki txikiak direla eta egunerokoa aurrera ateratzea “zaila” dela: “Sukalderik gabeko etxeak eman dizkigute. Nola biziko gara janaria prestatu ezin dugun leku batean? Ezinezkoa da”.
Kazerolada antolatu dute abenduaren 2rako, Udalari “presioa” egiteko. 14:00etan abiatuko da, Santo Domingo kaletik eta Alde Zaharretik barrena manifestazioa egingo dute. Abenduaren 10ª baino lehen konponbiderik ez badute, protestak areagotuko dituztela esan dute bizilagunek.
Prozedura Zibileko Legea aldatzea onartu du Espainiako Kongresuak. Horrela, etxe bat okupatu duten pertsonak bi urteren buruan kaleratu ordez, bi hilabeteko epean kanporatu ditzakete. Neurriak ez du arrisku egoeran dauden familientzat edo norbanakoentzat alternatibarik jasotzen; administrazioak ez die zertan beste bizitoki bat eskaini. PPren, Ciudadanosen eta EAJren botoekin atera da aurrera PDeCATek proposatutako legea. Indarrean jartzeko Senatuaren onespena behar du.
2011z geroztik, urtean 60.000 etxegabetze burutzen dira batez beste Espainiako Estatuan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera. Tartean sartzen dira ez soilik etxebizitzak, baita bestelako espazio, pabilioi edota bulegoak ere.
Cesarea eta Bartolomek 68 eta 72 urte dituzte eta Gasteizen duten etxetik bota nahi zituen Kutxabankek, baina Arabako probintzia-auzitegiak baliogabe jo du hipotekaren kuota bat ordaintzen ez duzunean bankuak hipoteka osoa eskatu ahal dizula dioen klausula. Ez dago helegiteak jartzeko aukerarik.
Arabako auzitegiak Europara eramango du IRPH klausulen inguruko auzia. Espainiako Auzitegi Gorenak, epaileen arteko desadostasun handiekin, atzera bota zuen Arabatik emandako epai bat, zeinak indize hipotekarioa baliogabetzat jo zuen.
Ohatilan atera dute Patxi Zubiaurre 40 urtez bere etxea izan den lekutik. Asteazken goizean kaleratu du Abacredit mailegu enpresak, 2014ko maiatzean ezin izan baitzion 104.000 euroko hipotekari aurre egin.
Etxe Kaleratzeak Stop! taldeak deituta gaur goizean Donostian egitekoa zen elkarretaratzea bertan behera geratu da, Patxi Zubiaurrek, etxegabetu nahi duten 84 urteko gizonak, hala eskatuta.
Goizeko zortzietan zegoen aurreikusia Santander Bankuan Martha izeneko emakume bat eta bere familia bizi zen etxea hutsaraztea. Elkarretaratzea egin dute Etxe Kaleratzeen Kontrako plataformakoek eta epaile batek momentuz geldiarazi egin du kaleratze hori.
Jende ugari hurbildu da herrira emakumezkoari babes emateko asmoz. Agoiz eta Lizoaingo alkateak ere han dira. "Artzapezpikuak ezin du lasai lo egin, nik ezinen nuke", adierazi du Felicia Itoizek, eta negarrari ezin eutsita, eskerrak eman dizkie han bildutakoei: "88 urte beteko ditut abenduan, eta orain hasi naiz fedea galtzen".
Banketxeak hipoteka bereziak eskaintzen ari dira saldu ahal izateko finantza krisian eragin zituzten etxegabetzeen bidez lortutako pisuak.