argia.eus
INPRIMATU
Hil egin da gose greban zegoen Khader Adnan preso palestinarra
  • Gose greban 87 egun zeramatzala, 44 urteko Khader Adnan astearte goizaldean konorterik gabe topatu dute ziegan. Ospitalera eraman dute, eta heriotza baieztatu dute han. Palestinako Jihad Islamikoa taldeko kide ezaguna zen, hainbatetan Israelgo indarrek atxilotu zutena. Jihad Islamikoak esan du "martiri berri honen" heriotza mendekatuko duela.

Leire Artola Arin 2023ko maiatzaren 02a

Palestinako Jihad Islamikoa taldeko kide ezaguna zen Khader Adnan. 44 urte zituen, eta gose greban zegoen duela ia hiru hilabetetatik, bere atxiloketa administratiboaren aurka. Azken urteetako seigarren gose greba zuen, Maan News hedabide palestinarrak gogorarazi duenez. Orain arteko gose grebarik luzeena ari zen egiten; otsailak 5ean atxilotu zuten, "ekintza terroristekin lotura" izatea leporatuta. 12 aldiz atxilotu zuten azken urteetan.

Azken atxiloketatik aurrera gose greban zegoen, eta mediku tratamenduei ere uko egin zien. 87 egun igaro ostean konorterik gabe aurkitu dute Israelgo espetxeko ziegan. IPS Israelgo espetxeko zerbitzuak Adnanen heriotza baieztatu du, ospitalera eraman ostean, eta Wafa agentziak jakinarazi du Adnanen heriotza.

1967tik Israelek atxilotuta duela hildako 236. palestinarra da Khader Adnan, Maan Newsek jakinarazi duenez. Horietatik 75 "axolagabetasun medikuagatik" hil dira. Jihad Islamikoak ohartarazi du "martiri berri honen" heriotza mendekatuko dutela.