Ekainaren 29an izan zuen istripua, Gasteizen. Ospitaleratu egin zuten, eta CCOO sindikatuak jakinarazi duenez ostiralean hil da.
Hildako pertsona Madrilgo Izobex Construcciones enpresako langilea zen, baina Adania enpresarako azpikontratatuta ari zen lanean, Gasteizko udalerriko Aretxabaletan herrian. CCOO sindikatuak eman du heriotzaren berri. Astearterako Arabako enpresarien SEA elkartearen aurrean elkarretaratzea antolatu du, eta segurtasun neurriak zorroztea eskatu: “Aurtengo datuak beldurgarriak eta onartezinak dira, batez ere kontuan hartuta jarduera ekonomikoa aldi baterako geratuta egon dela”.
Hiru heriotza aste betean
Gaur ezagutu den honekin hiru dira iragan astean lantokian izandako ezbeharren ondorioz zendutako langileak. Muxikan basozain bat hil zen, eta Irunen kamioi gidari bat. Hain zuzen ere, langileek elkarretaratzea egin dute gaur Irunen, aurreko asteko heriotza salatzeko. LABen zenbaketaren arabera, gutxienez 40 dira aurten beren lanpostuan zendutako langileak.