Durangoko Azokan ARGIAren saltokian erosteko aukera izan zen, baina ofizialki gaur aurkeztuko dute, Muskizko Meatzari antzokian eta arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Hil ala bizi Meatzaldean/Vivir o morir bajo las chimeneas. Meatzaldea Bizirik talde ekologistaren ekimenez idatzitako liburua da, egile askoren eskuek ondutakoa. Azken hamarkadetan Petronor ondo-ondoan eduki izanak muskiztarrei zer (kalte) ekarri dien agertu gura dute lanaren sustatzaileek.
"Kontakizun hunkigarriek osatutako liburua, tximinien azpian jaiotzeak, bizitzeak eta are hiltzeak zer esan nahi duen adierazten duena", irakur daiteke kontrazalean.
Hamaika egilek hartu dute parte, batzuek euskaraz eta besteek, gehienek, gaztelaniaz; eskualdeko egoera soziolinguistikoarekin bat eginez. Narraziook Muskizko azken 40 urteetako historiaren erradiografia osatzen dute, aldebakarrekoa bezain bidezkoa. Hitzekin batera, afixa, marrazki eta egunkarietako orrialde zahar eta ez hain zaharrek memoria ariketa ederra egiten lagunduko diote irakurleari.
Liburuak 250 orrialde ditu eta hamar euroan eros daiteke. Egileek esan dutenez, "segurtatzen dugu irakurleak gozatu eta, tarteka, barre egingo duela, pasarte askotan mendeku txikia ere baden lan honekin". Herritar askoren amorrua liburu forma harturik, horixe da gaur Muskizen aurkeztuko dutena.
2023an, karbono dioxido isuriek %5,3 egin dute behera Espainiako Estatuan. Gehien isurtzen duten hamar enpresen artean, bakarrak egin du gora, Iberia hegazkin konpainiak, %10,7ko igoerarekin. Kutsatzaileen zerrendan aurrena Repsol dago.
AEBetako ikertzaile-talde batek 62 giza karena edo plazenta analizatu ditu, gas-kromatografia eta masa-espektrometria baliatuta, eta frogatu du lagin guztietan mikroplastikoak zeudela. Toxicological Sciences aldizkariak argitaratu du ikerketa. Haren arabera, karen batzuetatik... [+]
Laborariak karrikara atera dira Europa osoan, bizi eta lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Mobilizazioek eragin duten krisi politikoari, pestizidak apaltzeko planaren gibelatzearekin iharduki dio Europako Batzordeak.
40 urtez zabortegi gisa erabilitako eremu batean ari dira eskola publikoa eraikitzen. Kutsadura arriskuak kontuan harturik, leku aldaketaren alde dabil borrokan Hats Berri Bat Arbonari deitu oposizioko taldea. 2024ko irailean abiatuko den ikasturterako bukatu nahi ditu obrak... [+]