argia.eus
INPRIMATU
Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea
“Hikaz egiten ere, eginez ikasten da”
  • Aurreneko aldiz Euskaraldiaren barruan Hikaldia egingo da. 83 herrik eman dute izena. Iaz hitanoa bultzatzeko sortu zen ZirHika talde eragileak antolatu du ekimena, Tauparekin batera. Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea elkarrizketatu dugu. Bi helburu dituzte estreinaldian: hika ikusgarri egitea eta jendea hika erabiltzera edo entzutera animatzea.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2025eko maiatzaren 09a
Beasain da Euskaraldia Hikan parte hartuko duen herrietako bat. ‘Appa hi!’ hika ikasteko aplikazioaren aurkezpeneko argazkia da. Euskaraldia.

Zein helburu duzue Euskaraldian?
ZirHika taldea hitanoa bultzatzeko sortu hunan, eta Euskaraldian oso aukera ona ikusi geninan hika mintzamoldeari ikusgarritasuna emateko Euskal Herri mailan. Zeren Euskaraldiak bi alderdi zauzkan oso interesgarriak hizkuntzaren aldetik, batez ere ikusgarritasuna. Txapak jartzen dizkinate parte hartzen duten euskaldunek eta ikusgarri egiten dun. Euskaldun bakoitzak badinagu gure harreman sarea eta ibiltzen gaitun beti ea norekin egin dezakegun euskaraz. Euskaraldiak ematen zigun aukera harreman sare hori zabaltzeko. Askotan, Euskaraldia fitxaketa garaia izaten den. Euskaraz egiten duen baten harreman sarea x baldin bada, oraindik eta harreman sare txikiagoa izaten dun hikaz egiteko gai denarena.

Zein da beste xedea?
Hizkuntza ohiturak aldatzea. Euskaraldia batez ere hori dun, euskaraz egiteko ohitura hartzea. Kasu honetan hik ez dakin hika egiten eta Euskaraldian animatu egiten haiz lehenengo pausoak ematen; edo badakin hika egiten, baina ez daukan erraztasunik eta Euskaraldian saiatzen haiz gehiagotan erabiltzen. Hikaz egiten ere, eginez ikasten dun.
Bi alderdi horiek zauzkan Euskaraldiak eta biak oso interesgarriak ditun hitanoa bultzatzeko. Horregatik jo geninan Taupara, baiezkoa jaso geninan, eta ZirHikaren esku gelditu hunan antolaketa.

Bereziki noka bultzatzea bada helburua?
Bai, jakina. 83 herri batzordek eman diten izena. Hamabina ditun Bizkaikoak eta Nafarroakoak, eta gainerako 59ak Gipuzkoakoak. Hor ikusten den argi non daukan indarra hikako moldeak: Gipuzkoan. Orain dela bi urte Badiharduguk [euskara elkartea] ikerketa bat egin zinan, eta han garbi azaltzen hunan, hika egiten zen tokietan osasuna hala moduzkoa zeukala, eta egiten zen tokietan toka egiten hunan noka baino gehiago. Nokaren egoera askoz zaurgarriagoa eta kaskarragoa den. ZirHikaren helburua baden noka bultzatzea, askoz egoera ahulagoan dagoelako.

Batik bat gazteak aipatu dituzue.
Azkenean, hizkuntza bat biziberritu nahi badugu, eta kasu honetan mintzamolde bat, garbi zegon belaunez belauneko transmisiotik hasi behar dela lanean. Hizkuntza biziberritze-kontutan gazteak izaten ditun helburu. Begira Araban zer gertatu den. Euskara ia desagertu zen eta gaur egun haur eta gazteek egiten dinate euskaraz. Beste alde batetik, oso baliagarria da gazteen arteko hurbileko, lagunarteko, harremana indartzeko. Askotan, gazteak eguneroko harremanetarako hizkera eta hitz bila ibiltzen ditun euskaratik kanpo eta hitanoa adinkideen arteko harremanak estutzeko oso mintzamolde baliagarria den.

Euskaraldian nola funtzionatuko du? Nolako elkarrizketak sortuko dira H pegatina jarrita dutenen artean? Zer espero duzue?
H pegatina [belarripest eta ahobizi txapetan itsatsiko da] eraman dezake, lasai asko, belarriprest txapa daukan batek edo ahobizi batek. H-a eramateak bakarrik esan nahi din solaskideari esaten ari haizela, “nirekin badaukak/badaukan hikaz egitea”. Baina ez hau behartzen hikaz egitera, ezta jakitera ere. H-a gonbite bat da: “Hik baldin badakik/badakin eta nahi baduk/badun egin niri lasai hika”. Hortik zer sortuko den? Egoera desberdinak: belarriprest bati hika egitea, bi ahobiziren arteko hartu-emana hikaz, ahobizi batek hika egingo din eta besteak ez... konbinazio horiek guztiak sortuko ditun. Baina, hori den, H-aren atzean dagoena ez zagon behartuta hika egitera. Egia den, askok pentsatzen diten H-a eramanez gero egin egin behar dela hikaz, eta ez den horrela.

ZirHika taldeak antolatu du Euskaraldia Hika. Zein beste asmo dituzue urte honetarako?
Iaz 80 hika eragile baino gehiago bildu hitunan Oñatin lehenengo topaketetan eta han sortu hunan ZirHika talde eragilea. Asmoa dun topaketei jarraipena ematea eta azaroan egingo ditun bigarrenak Markina-Xemeinen [Bizkaia]. Lehenengo topaketa hartan bi gauza erabaki genizkinan: hurrengo topaketak egitea eta Tauparekin harremanetan jartzea Euskaraldian hitanoa txertatzeko. Horiez gain, lehengo urteko Durangoko Azokan Hikadromoa egin hunan eta oso ondo atera hunan. Jendea errepikatzeko gogoarekin gelditu hunan eta aurten ere egingo dinagu.

Gazteengan ere eragin nahi dinagu. UEMAko udalekuetara arnasguneetako gazteak joaten ditun, batez ere. Gehientsuenek egiten dinate hikaz, nahiz eta toka hitz egiten dinaten noka baino. Hor noka indartu nahi dinagu, eta udalekuek irauten duten bitartean gazteen arteko harremana hikaz izatea den helburua. Udalekuenaz gain, praktika onen bilduma bat egin nahi dinagu. Han eta hemen hainbat ekimen ari ditun egiten hitanoa bultzatzeko: hikadromoak toki askotan, hika bertso saioak, eta beste. Praktika horien bilduma bat egin, modu txukunean webgune bat sortu, eta argitaratzea da asmoa. Herriren batean sustapen lanean hasi nahiko balute, zer egin dezaketen kontsultatu ahal izango diten.