“Hiesa izateagatik errudun sentiarazi naute, zikina”

  • Hiesa Gainditzeko Borrokaren Nazioarteko Egunaren harira, Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) duten bost lagunen testigantzak berreskuratu ditugu.


2014ko abenduaren 01an - 08:51
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Bakarnek 45 urte ditu, bilbotarra da eta bikotekide ohiak kutsatu zuen.

Hiesarekin bizitzea. Eramangarri… ezkutuan erreportajerako elkarrizketatu genituen bost pertsonek (izen faltsuak darabiltzate) gaitzaren tabuaz, tratamenduez, arriskuez… hitz egin ziguten. Sexu bidez jaso zuten birusa, harreman egonkorretan edo esporadikoetan. Hona hainbat pasarte, protagonisten euren ahotik.

Gorka, 44 urte, Donostia: “Sarri egokitu zait kondoia jartzeko asmorik ez duen jendea”

“Sarri pentsatu izan dut ni naizela gaitzaren normalizazioari hesia jartzen dion lehenengoa, ez dudalako publiko egin nahi, baina jendeak seropositiboez duen irudia ez da nik dudana, noizbait kontatu dudanean esan izan didate, ‘hara, ba ez daukazu itxurarik’. Ezjakintasun handia dago oraindik, GIBdunen beldur da jendea.

Homosexualei zuzendutako kanpaina gehiago dago [homosexuala da Gorka], baina ez nuke esango heterosexualen artean baino kezka handiagoa dagoenik. Sarri egokitu zait kondoia jartzeko asmorik ez duen jendea, eta nik jarri behar izan ditut neurriak. Pasotismoa ikusten da inguruan, eta zer pentsatua ematen du, informatuta dagoen jendea delako, badakiena zer egiten ari den eta zer gertatu dakiokeen”.

Bakarne, 45 urte, Bilbo: “Bikotekide batzuek errudun sentiarazi naute, zikina”

“Kimioterapiaren mailakoa da tratamendua eta albo-ondorio gogorrak ditu. Diarrea handiak, tripako minak, goitikakoak, nekea… izan ditut nik. Botika berrien akuri aritu naiz gainera; 1996an hartu nuen medikamentuarekin ispilura begiratu eta ez nuen nire burua ezagutzen: bular eta sabel handiak eta Afrikako umeen pareko beso eta hankak nituen. Tratamendua aldatu eta pixkanaka nire itxura berreskuratu dut. Orain sei pastilla hartzen ditut egunero, eta gaueko pastilletan pentsatzeak ezinegona sortzen dit egunean zehar, goserik izan ez arren gogotik afaldu beharra dagoelako ondoren botikak ahoratzeko. Deserosoa da gainera, etxetik kanpo baldin bazaude ezkutuan aritu behar duzulako botikak hartzen.

Bikotekide batzuek, kontatu diedanean, dudan gaixotasunagatik errudun sentiarazi naute, zikina, baina nik beti hartu ditut neurriak, eta inoiz ez dut arriskuan inor jarri. Gizarteak oraindik ez du onartua, hasieratik talde jakinetara mugatu zelako gaixotasuna: edo ‘drogadiktoa’ edo ‘puta’ edo ‘marikoia’ zinen, eta ni ez naiz hiruetako ezer, baina diskriminazioak iraun egiten du. Gainera, informaziorik ez duen jendeak oraindik ere, zoritxarrez, uste du muxu bidez, negar malkoekin… kutsatu daitekeela. Minbizia duzu eta jendeak esaten du, ‘gaixoa, minbizia egokitu zaio’, aldiz hiesa duzu eta esaten dute, ‘bere ekintzen ordaina da’, baina hori ez da egia”.

Katamotz, Irun: “Egungo gizarteak ez du onartzen pertsona bat gaixo egotea”

“Egungo gizarteak ez du onartzen pertsona bat gaixo egotea, super-pertsonak baino ez ditu nahi, kexatuko ez direnak. Gure gaixotasuna nahiko kontrolatua dago egun, medikazioari esker, eta jendeak benda bat jartzen du begietan, estalita mantentzen du, baina inortxo ere ez dago kutsatzeko arriskutik salbu. Gizakiak gara eta edozein gaixotasun har dezakegu, horregatik garrantzitsua da jendea hiesaz informatzea.

Harreman bat hasi eta kontatzerakoan, moztu egiten dute zuzenean, bizitza konplikatzea da askorentzat, hobe urruntzea, eta horrek ere min ematen dizu. Gaur egun dudan bikotekidea bigarren bikotekide egonkorra da, baina ez dut onarpen erabatekoa bere aldetik eta horrek presionatu egiten nau pixka bat, onartu egin du, baina baldintzekin. Ulertzen dut, baina gogorra da…”.

Peter, 33 urte, Iruñea: “Ez naiz ausartzen inori esaten, ez gurasoei, ez lagunei”

“Emazteak eta biok gordetzen dugun sekretua da. Ez naiz ausartzen inori esaten, ez gurasoei, ez lagunei. Gurasoei kontatu nahi nieke, baina jada ezin dut atzera egin, oso-oso gaizki hartuko lukete, triste jarriko lirateke. Batzuetan gaiaz hitz egiteko beharra sentitzen dut, birusa duen beste jende batekin ez naizelako elkartzen, eta pixka bat bakarrik senti naiteke, baina tira”.

Xabier, 32 urte, Iruñea: “Arduraz jokatuta umearekin normal jolastu dezakedala ikusi dut, arriskurik ez dagoela”

“8 urteko semea daukat. GIBa dudala kontatu nahi diot, baina oraindik ez, hemendik pare bat urtera-edo, eta ez dakit oso ondo nola azalduko diodan, eskutitza idaztea ere pentsatu dut. Urtebete baino ez da birusa dudala, eta bizimodu berrira moldatzen ari naiz. Janaria prestatzen ari nintzela ebakia egin nuen lehenengo aldian beldurtu egin nintzen, umearekin jolasean ere pentsatzen nuen ez ote zidan hozka egingo edo auskalo… baina gero ikusi dut arduraz jokatuta ez dagoela arriskurik eta berarekin normal jolastu dezakedala. Muxu bat eman diezaiokedala, eta ez dela ezertxo ere gertatzen. Sexu harremanetan ere, kontu handiagoarekin ibiltzen zara, zenbait gauza egiteak beldurra ematen dizu, baina tira, pixkanaka ohitzea da eta beste era batera egitea”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: HIESa
2022-08-22 | Ana Galarraga
Botswana hiesaren kontrako 95-95-95 helburua lortu duen hirugarren herrialdea bilakatu da

Botswanak GIB/HIESaren gaineko Nazio Batuen Programa Bateratuaren helburua gainditu duela jakinarazi dute, Hiesaren XXIV. Nazioarteko Biltzarrean (Montreal). Aurrez, beste bi herrialdek baino ez dute lortu helburu hori: Suitzak eta Eswatinik, biak ere 2020ko abenduan. 


2022-01-30 | Julen Azpitarte
David Wojnarowicz
Rimbaud-en mozorropean hazitako artista disidentea

David Wojnarowicz (New Jersey, 1954 - New York, 1992) artista estatubatuarrak  hizkuntza, baliabide eta egiteko moduen arteko mugak hautsi zituen bere obran, zeina 1980ko hamarkadan garatu zen. Diziplina anitzeko sortzaile, artista bisual, poeta, idazle, musikari,... [+]


2021-12-01 | Leire Artola Arin
Minutuero hiru pertsona kutsatzen dira GIB birusarekin munduan

Hego Euskal Herrian 2020an 134 kasu positibo atzeman dituzte. Abenduaren lehena da Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta NBEk ohartarazi du oraindik pandemia hori ez dela amaitu; iaz munduan 680.000 pertsona hil ziren hiesarekin lotutako gaixotasunen ondorioz.


2021-05-05 | Ixone Arana
HIESAren aurkako txertoen egoera

Katalunian garatutako HTI txerto terapeutikoak %40ko arrakasta lortu du I. eta II. faseetako saiakuntzetan; Mosaico prebentziozko txertoa, berriz, Espainiako Estatuko 250 pertsonari txertatu zaio bere hirugarren eta azken fasean.


HIESaren kontrako borrokaren eguna. "Zure esku dago txertoa, ez hedatu estigma"

HIESaren aurkako borrokaren nazioarteko egunean, gogoratu dute estigma handia duen birusa dela oraindik, osasun krisiaren erdian HIESa dutenen zaurgarritasuna areagotu egin dela, eta aurreiritzirik gabeko sexu heziketa ezinbestekoa dela txikitatik.


Eguneraketa berriak daude