argia.eus
INPRIMATU
Katalana blindatzen zuen hezkuntzako dekretua birrindu du Kataluniako Auzitegi Nagusiak
  • Katalanaren aldeko erakundeen iritziz, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak zuzenean eraso die murgiltze ereduari eta kohesio sozialari. 2024ko dekretuaren zati handi bat baliogabetu du sententziak, eta hala, katalanak hezkuntza sisteman ohiko hizkuntza, komunikazio- eta irakas-hizkuntza izateari utziko dio. Dekretuak Konstituzio Auzitegiaren sententzia bati erantzuten zion, zeinak ebatzi zuen ikastetxeak derrigortuta zeudela gutxienez ikasgaien %25 gaztelaniaz ematera.

ARGIA @argia 2025eko irailaren 11
El Temps.

Katalunian Eskola Elebiduna elkarteak jarri zion helegitea Generalitateak 2024an onartutako dekretuari, eta auzitegiak zati handi bat baliogabetu du. Indargabetuta gelditu diren artikuluek hezkuntza sistemako esparru hauek jasotzen zituzten: katalana (eta aranera Aran bailaran) ohiko hizkuntza eta irakas-hizkuntza izatea; atzerriko hizkuntzak irakasteko hizkuntza lagungarri bakarra izatea; ikasle etorri berriei harrera egiteko hizkuntza bakarra katalana izatea; hezkuntza jardueratako ohiko hizkuntza izatea, baita eskolaz kanpokoetan ere; ikastetxearen barne eta kanpo komunikazioen hizkuntza izatea. Katalanaren aldeko hainbat elkarte eta erakundek gogor salatu dute auzitegiaren epaia. Pep Cruanyes Assemblea Nacional Catalanako (ANC) abokatuak Vilaweb hedabideari adierazi dio sententziak katalanaren edozein erabilera zapuztu duela: “Gurasoekin komunikatzea, jolaslekuko erabilera... Errotulazioa baino ez du utzi”.

Katalana blindatzeko 2024ko dekretua

Generalitateak hezkuntza sistemarako dekretua onartu zuen 2024an, murgiltze ereduaren aurka hartzen ari ziren erabaki juridikoen aurrean katalana babesteko. Ebazpen horiek ikastetxeak ikasgaien laurdena gaztelaniaz ematera derrigortzen zituzten. Dekretuak, katalana blindatzeaz gain, epaiak epai murgiltze ereduari eusten zioten ikastetxetako zuzendaritzak babestu nahi zituen.

Generalitateak sententziari errekurtsoa jarriko dio

Salvador Illa Generalitateko presidenteak adierazi du sententziari helegitea aurkeztuko diola gobernuak. Ziurtatu du katalanak eskolako hizkuntza izaten jarraituko duela. Uko egin dio hizkuntzaren “erabilera politikoari” eta “konfrontaziorako erremintatzat” hartzeari.

Plataforma per la Llenguak eta Assemblea Nacional Catalanak (ANC) sententziari helegitea jarriko diotela iragarri dute. Haien ustez, testuak hutsune teknikoak dauzka, argudio propioen gabezia eta gaur egun ez dagoen marko normatibo batean emandako sententzietan oinarritzen da. Lluís Llach ANCren presidenteak ekintza larritzat eta ezohikotzat jo du epaia: “Trantsizio osoan sekula ez genuen horrelako erasorik jasan arima nazionalaren hezur-muinean, alegia, hizkuntzan”.