argia.eus
INPRIMATU
Katalana arriskuan Valentzian: hizkuntza-eredua aldatu nahi dute ikastetxeetan
  • Sindikatuek eta hizkuntzaren aldeko erakundeek "atzerakoia eta diskriminatzailea" dela esan dute eta mobilizazioak iragarri dituzte. Sakon landu dute gaia La Directan.

Ainara Rodil Jaime 2024ko apirilaren 05a
Noes! Hizkuntza eta Herria plataforma duela gutxi sortu da.

Boterera heldu eta urtebetean, Valentziako erkidegoan eskuinak eta eskuin muturrak "Botanikoaren" legatuaren aurkako indarra eta gaitzespena erakutsi dute hizkuntzaren kontrako neurriekin. Azkena "hezkuntza askatasuna" arautzeko legea izan da, joan den ostegunean, martxoaren 21ean, aurkeztutakoa. José Antonio Rovira (PP) Hezkuntza kontseilariak gaztelaniaz eta katalanez bereizitako ereduen sistemara itzultzea iradoki bazuen ere, lege proposamenak berezko hizkuntzaren diskriminazioa ezaugarri duen hizkuntza ereduaren aldeko apustua egiten du. Irakasleen sindikatuek, hizkuntzaren aldeko erakundeek eta guraso-elkarteek valentziera "ordezkatzea" ekarriko duela salatu dute, eta mobilizazioak iragarri dituzte hizkuntzari eta hezkuntzari egindako "erasorik okerrenetakotzat" jotzeko.

Arauak egungo eleaniztasun-legea ordeztuko du; izan ere, egun indarrean dagoen legearen arabera, hizkuntza ofizial bakoitzeko curriculum-edukietarako gutxieneko denbora %25ekoa izan behar da, eta ingeleserako, berriz, %15ekoa. Hortik aurrera, gaur egun, ikastetxeek erabateko askatasuna dute valentziera edo gaztelania %60ra arte eta ingelesa %25era arte handitzeko. Horrela baliatzen dute hizkuntz minorizatuaren zabalpena.

Aldiz, 2025-2026 ikasturtetik aurrera, aurreikuspena betetzen bada, ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek izango dute seme-alaben irakaskuntzako komunikazio-hizkuntza hautatzeko eskubide osoa, hau da, legez ez da zehaztuta etorriko. Haiek erabakiko dute, alde batetik, valentziera, gaztelania eta ingelesa irakasteko ehunekoak ezartzea, eremu valentziar-hiztunen eta erdaldunen artean eta eskola-etapa bakoitzean; eta, bestetik, bi hizkuntza ofizialetako bat aukeratzen duten familien gutxieneko ehunekora iristen ez bada, ez dela katalanaren lerrorik irekiko.

Xehetasun gehiago

Katalana nagusi den eskualdeetan, gurasoen lehentasunen arabera, oinarrizko hizkuntza katalana duten unitateak egongo dira, eta oinarrizko hizkuntza gaztelania duten beste batzuk ere bai. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen bi mailetan, familiek aukeratutako oinarrizko hizkuntzak eskola-denboraren %65 izango du, beste hizkuntzak %25 eta atzerritarrak %10.

Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrera eta Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, bi hizkuntza koofizialetan irakastorduen ehunekoak ezin izango du %20ko aldea gainditu; atzerriko hizkuntzak, berriz, eskola-orduen %15 eta %25 artean izango du.

Beraz, hizkuntza-normalizazioaren egoerarik onenean, Haur Hezkuntzako ikasleek eskolen %65 katalanez emango dituzte, eta Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrera, %52 gehienez.

Eskuinaren eta eskuin muturraren argudiaketa

"Oinarrizko hizkuntzan jarraitutasuna izateko", testuan argudiatzen denez, Haur Hezkuntzan ikasleak onartzeko prozesuan zehar hautatuko da hizkuntza eremu valentziar-hiztunetara.

Araua aldatu egiten da erdal eskualdeetan. PPk eta Vox-ek ehuneko jakin batzuk inposatu dituzte, La Directak esaten duenaren arabera, Valentziakoaren kaltetan, nahiz eta paperean jasota dagoen aukeratzeko askatasuna ere egongo dela.

Familiek aukeratzen dutena alde batera utzita, Haur Hezkuntzako ikasleek irakastorduen %10 soilik ikasiko dute valentzieraz, %10 ingelesez eta %80 gaztelaniaz. Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, gaztelania ezartzen da irakas-hizkuntza gisa, eta atzerriko hizkuntzari ematen zaio eskola-denboraren %15 eta %25 artean. Katalana, baina, irakasgai bakar batean sartzen da, eta horren ebaluazioa ez egitea eskatu ahal izango da, bai ikastetxean eta bai unibertsitatean sartzeko proban.

Gobernuak aurreikusten du gaztelania nagusi den zonaldeetan valentzieraren eskaria kasu zehatz bat izatea, non "eskaerari erantzuteko beharrezko neurriak hartuko dituen”.

Mobilizazioak ere antolatu dira

Irakaskuntzan "gaztelania inposatzeari" buruzko lege horri irakaskuntza publiko eta kalitatezkoaren aurkako beste politika batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola STEPVk aurkeztutako Legegintzako Herri Ekimenaren tramitazioa ez onartzea ratioak jaisteagatik; Eraikuntza Planean murrizketak egitea, ikastetxe publiko berriak eraberritu eta eraikitzeari dagokionez; edo barruti bakarra ezartzea. Horregatik, Noes! plataformak aurreratu du laster mobilizazioak iragarriko dituztela.

STEPVk iragarri duenez, apirilaren 9tik aurrera batzarrak deituko ditu irakasle guztiekin, eta ez du baztertzen unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan greba deitzea, "hezkuntza politika atzerakoiei buelta emateko”.

Mobilizazioez gain, arau berria zeharkatzeko aukera ere aurreikusten da. Alfons Esteve Zuzenbidean lizentziadunak azaldu duenez, alderdi batek 50 diputatu edo 50 senatari dituenean, konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoak jar ditzake Konstituzio Auzitegian, lege bati betoa jartzen saiatzeko.