argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza sistemako pasta

Amets Bengoetxea 2021eko urtarrilaren 27a

Euskal Herrian sukaldaritza kultura handia dagoenez, ea horrela hobeto ulertzen den ikastetxe pribatuetako itunen gaia.

Bi lagun otordu bat egitera doaz jatetxe batetara, batak gari gogor eta txipiroi tintaz eginiko bucatini-ak marinara saltsa, txipiroi frijitu, txirla eta otarrainxkekin eskatzen ditu eta besteak tomatedun pasta plater “normal” bat. Ordaintzeko ordua iristean, plater bakoitzak menuko hitzen kopuruaren araberako prezioa dutenez, plater luze eta garestienak eskatu duenak beste lagunari erdibana ordaintzeko eskatzen dio. Labur esanda hori da hezkuntza pribatuko ikastetxeen ituna. Bestela jan ezingo zukeen pasta platera lagunaren/denon diruaz ordaintzea.

Noski ñabardurak daudela ikastetxe itunduen artean; baina finean, hezkuntza itunena administrazioak ordaindutako eta kudeaketa pribatua duen hezkuntza sistema paralelo bat da.

"Egungo sistemak jateko gutxien duenari pasta merke bat erosteko balio dio, eta ikastetxe pribatuetakoei pasta merke horren dirua hartu eta beste 'baliabide gehigarriekin' bucatini-ak egiteko aukera ematen die"

Pasta platerak oinarrizko eskubideak betetzeko funtzioa du, pertsona guztiei hezi, hazi eta duintzeko aukera ematen die. Jateko gutxien duenari bizitzan behar duena jasotzeko aukera emango dio. Baina egungo sistemak jateko gutxien duenari pasta merke bat erosteko balio dio, eta ikastetxe pribatuetakoei pasta merke horren dirua hartu eta beste “baliabide gehigarriekin” bucatini-ak egiteko aukera ematen die. Horri gehitu marketina eta propaganda eta desoreka sozialerako osagai guztiak dauzkagu.

Bucatini-ak nahi dituenak jan eta ordain ditzala osoki bere poltsikotik. Diru publikoa enpresa pribatuei ematea sistema neoliberalaren ametsa da. EAEn 600 milioi eurotik gora ematen zaizkie zuzenean, gobernu zein oposizioko talde nagusien babesarekin. Eta hau gutxi balitz, sistema hau publikoa dela sinestarazi nahi digute. Noski Europan hezkuntza sistema publikoa antolatzeko modu ezberdinak daudela; baina izaera publikoaren unibertsaltasuna edo doakotasun printzipioak leku guztietan berdina dira eta hemengo itundutako ikastetxeek ez dute inondik ere horrelakorik betetzen.

Diru publikoa ahalik eta pasta hoberena, ahal den jende gehienarengana iristeko izan behar luke eta gutxien duenari edo behar bereziak dituenari besteei baino gehiago eman bere egoera konpentsatzeko. Ekitatea bultzatuko duten sistema behar dugu ondo elikatutako gizartea kohesionatu bat nahi badugu.

Iragana hor dago ondo eginak ikasteko; baina ezin gara beti atzera begira ibili. Euskal eskola publikoan biharko menua prestatu behar dugu. Denon artean, guztiona eta guztiontzako den menua, tokian tokiko obradore ekologikoan egindako pastaz.