argia.eus
INPRIMATU
Gurasoen protestak berriz ere, jangeletako janarien kalitate txarra salatzeko
  • Hernaniko Langile Ikastolako gurasoek jakinarazi dute iragan ostiralean haurretako batek har bat aurkitu duela zerbitzatutako janarian; eta Duranako Ikasbidea Ikastola zentro publikoan ere joan den asteazkenean bigarren platera erretiratu behar izan dute, ohi baino garratzagoa zegoelako. Biek ala biek eskatu diote Hezkuntza Sailari eten dezala Serunion enpresarekin duen kontratua, eta Eusko Jaurlaritzak iragarri du espedientea irekiko diola.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko azaroaren 13a
Igande honetan Hernanin burututako elkarretaratzea // Argazkia: Langile Ikastolako gurasoak

Berriz ere arazoak jangeletan. Oraingoa Hernanin (Gipuzkoa) eta Duranan (Araba). Hernaniko Langile Ikastolako gurasoek argitaratutako ohar batean azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik mezu bat iritsi zela jangelara, lehen platera ez zerbitzatzeko abisuarekin. Ordurako, begiraleek “kaltetutako janaria” jana zuten, eta adierazi dute haurretako batek har bat aurkitu duela bere platerean. Lakuako Hezkuntza Sailari zerbitzuaz arduratzen den Serunion enpresarekin kontratua eten dezala eskatu diote, emandako janariaren kalitate txarragatik.

Langile Ikastolako gurasoek eginiko adierazpenetan azaldu dute Serunion enpresak eskaintzen dituen elikagaiak “makroenpresen” esku daudela: “Irabazi ekonomikoak lehenesten dituztenen esku utzi da gure haurren elikadura. Zein prezio jarri diote gure haurren osasunari?”. Gogora ekarri dute haur askorentzat jangela zerbitzua “aukera bakarra” dela eta “premiazkoa” dela “kalitatezkoa eta osasuntsua” den zerbitzua eskaintzea.

“Gertatutakoa eredu oso baten isla eta ondorio” dela azpimarratu dute Langile Ikastolako gurasoek, eta egoera salatzeko protesta egin dute igandean Hernaniko Gudarien plazan. Dozenaka herritar bertaratu dira babesa ematera, eta ikastolako gurasoek adierazi dute astelehen honetatik aurrera eurek bermatuko dutela haur guztientzako “janari duin eta osasungarria” eskaintzea: “Gure haurren elikagaiei buruzko eredu propioa landu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzaren zailtasun eta trabarik gabe”. Hala, gurasoek “erabakitzen” uztea eskatu dute.

Ez da kasu isolatu bat

Duranako Ikasbidea Ikastola (Araba) zentro publikoan ere bestelako arazoak izaten ari dira Serunion enpresak eskaintzen duen janariarekin. Duela hilabete batzuk bertako janarian ere harrak aurkitu zituzten, eta joan den asteazkenean bigarren platera erretiratu behar izan dute, ohi baino garratzagoa zegoelako. Arabako Alea-k jaso duenez, janariaren kalitate txarraz harago, arazo zabalagoa barnebiltzen dute Arabako eskoletako jangelek: “Eraikitzen diren ikastetxe berrietan ez dute sukalderik jartzen, eta sukaldea duten ikastetxeetan gela huts bat izaten da, altzairurik gabe eta egokitu gabe”.

Jaurlaritza

Jokin Bildarratz Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza sailburuak larunbatean adierazi du espedientea irekiko zaiola dozenaka eskola publikoetan jantokien zerbitzua eskaintzeaz arduratzen den Serunion enpresari, azken egunotan Hernanin zein Duranan atzemandako janarien kalitate txarraren ondorioz. Hezkuntza Sailak dagoeneko ezarri dio zigor ekonomikoa.