Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek urtarrilean abiaturiko greba zikloaren bigarren kolpea amaitu eta biharamunean deitu du bilera Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Begoña Pedrosa sailburuak adierazi du "akordio bat lortzeko nahia" duela, eta apirila baliatu nahi du horretarako.
Apirila "akordio bat lortzeko aukeretarako hilabetea" izatea nahi duela azpimarratu du Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, ostegunean kaleratutako ohar batean. Horretarako, ostiralerako bilera batera deitu ditu LAB, ELA, CCOO eta STEILAS sindikatuak. Urtarrilean abiaturiko greba zikloaren bigarren kolpea amaitu berri, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek azken bi asteetan bost eguneko lanuzteak egin ostean bilduko dira Jaurlaritza eta sindikatuak: hain zuzen, asteazkenean burutu zuten greban Jaurlaritzari "benetako negoziazio bat" abiatzeko eskatu zioten.
Azken aldiz, aurreko asteko asteartean bildu ziren Lakua eta sindikatuak, baina huts egin zuten negoziazioek eta sindikatuek grebara jotzea berretsi zuten. Hezkuntza Sailari "fede txarrez" aritzea leporatu zioten. Pedrosa buru duen sailak, aldiz, salatu zuen mobilizazioek "interes partikularrak defendatzen" dituztela eta "hezkuntza-sistema publikoari kalte" egiten diotela: "Frogatuta gelditu da greba horrek ez duela zerikusirik hezkuntza-sistemaren hobekuntzarekin. Interes ekonomiko neurrigabeak eta helburu politikoak uztartzen dira eta ez dute laguntzen ikasleen kalitatezko hezkuntza lortzen".
Ostegunean kaleratutako oharrean, Hezkuntzako sailburuak nabarmendu du "elkarrizketa eraikitzaileak" egin behar direla "euskal hezkuntza sistemaren benetako beharrei heltzeko". Horiek "lasaitasunez" gauzatzeaz mintzatu da Pedrosa, halere, "garapen akademikoa eta ikasleen ongizate emozionala erdigunean jarriz".
Sindikatuen eskakizunak
Sindikatuek azken egunetako lanuzteetan salatu dute hamabost urte daramatzatela hitzarmena eguneratu gabe, eta aldarrikatu dituzten neurrietako batzuk honako hauek dira: lan zamak arintzea, plantillak gazteberritzeko plan egokia ezartzea, enplegu publikoa kontsolidatu eta bermatzea, eros-ahalmena berreskuratzea, lan osasuna zein euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak hartzea.