argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza publikoari azken labankada

Nerea Fillat El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2021eko abenduaren 21a

Pandemian ezarritako jardunaldi jarraiaren harira ordutegi aldaketaren inguruko eztabaida azaldu da Nafarroako hezkuntza komunitatearen eta ikastetxeen mahaien gainean. Ondorio handiak dituen erabaki bat hartu behar dute ikastetxe askok, kalitatezko eztabaidarako denborarik gabe, entzumen aktiborik gabe eta interes ezkutu asko daudeneko sentsazioarekin. Zoritxarrez, denboraren premia azaldu denez, hezkuntza komunitateak indartu eta osatuko dituen prozesurik egiteko aukerarik ez da egonen, horren ordez bozketetan oinarritutako erabakiak hartuko dira, irabazle-galtzaile dinamika bat sortuz.

Jarrera arduragabea azaldu dute ikastetxe askotako zuzendaritzek, ikasleak, familiak, irakasleak, ikastetxeetako langileak kontuan hartu ez dituzten prozesuak aurrera eramateagatik. Guraso elkarte askotan azaldu den galdera begi bistakoa da: zergatik halako interesa jardunaldi jarraia ezartzeko? Patioetako bazterretan kezka asko ezartzen dira: zer gertatzen da sortzea horren zaila eta desegitea horren erraza den komunitatearekin? Etxean baldintza onak ez dituzten ikasleek beste aukerarik izanen ote dute babes handiagoa jasotzeko? Eskola orduak bermatuko dira? Ikastetxean ezarriko den ikasleen arteko sailkapenak on eginen die?

Nafarroan 79 ikastetxek egin dute jardunaldi jarraitua ezartzeko prozesua, horietatik 69 publikoak dira eta hamar pribatuak. Norbaitek pentsatu al du zenbaki horien atzean zerbait gehiago dagoela eta ikastetxe kontzertatuek etekin ederra aterako diotela egoerari? Antza denez, inork ez.