Hezkuntza neoliberalaren aurrean, sareak osatzeari ekin diote Europako ikasleek

  • Para los pueblos plataformak deituta, Europako 24 antolakundetako kideek hartu dute parte Laudion egin den Europa mailako ikasle foroan. ‘Forum to fight against capitalism’ (Kapitalismoaren aurka borrokatzeko foroa) izenpean, elkar ezagutza eta eztabaidak izan ditu oinarri hiru eguneko foro honek.


2016ko otsailaren 29an - 12:51
Laudion Europa osoko ikasleak elkartu dira hezkuntza eredu kapitalista borrokatzeko moduez hitz egiteko.

220 ikaslek parte hartu dute eztabaidetan eta beste 20 bat antolakuntza lanetan ibili dira.

Ostiralean hasi ziren akreditatzen bertaratu zirenak eta pixkanaka Laudioko Aldai plazan dagoen karparen inguruan jatorri ugaritako ikasleak batu ziren. 17:00etan hasi zen foroa: Ikasle Abertzaleetako bi kidek egin zuten harrera antolatzaileen izenean. Bolonia plana onartu zenetik Europako ikasle antolakundeak batu diren lehen aldia dela azpimarratu zuten.

Ondoren, aurreskua dantzatuz kanpotik etorritako ikasleei “agur beroa” eman zieten. Banaka-banaka, forora etorritako erakunde bakoitzeko kide bana eszenariora igo, euren antolakundea aurkeztu eta aurrera daramaten borrokaren inguruan mintzatu ziren.

19:00ak aldera ikastolara hurbildu ziren denak. Bertan, hamabi klasetan banatuta, elkar ezagutzera bideratutako ariketak egin zituzten, bakoitzaren esperientziak eta jarduera oinarri hartuta. Ariketak luzatu baziren ere, Laudioko karpagunean afaria prest zuten ikasleek. Horren ostean polikiroldegira joan ziren lo egitera.

Italia, Suedia eta Kurdistango esperientziak

Larunbatean eztabaida saioak 10:00ak aldera hasi ziren ikastolan. Aurretik dutxatzeko eta gosaltzeko aukera izan zuten ikasleek polikiroldegian. Bi bloketan banatu ziren: batean nazioarteko ikasle antolakundeen sareak osatzearen inguruan eztabaidatzeko aukera izan zuten; bestean berriz, borroka komunak izan zituzten eztabaidagai. Bi ordu geroago, osoko bilkura egin zuten, talde bakoitzeako eztabaiden haziak biltzeko asmoz.  

Bazkaldu ondoren, 17:00etan nazioarteko antolakundeen bilkura egin zuten kultur etxean, antolakunde bakoitzeko bi kideren parte hartzearekin.  Bitartean, bi hitzaldi kultur etxean: Italiako eta Suediako ikasleek euren borroken inguruan jardun zuten, baita ipar-hego arteko desberdintasunez ere. Beste hitzaldia Para los Pueblos plataformako kideek eskaini zuten, ikasleak eta nazio zapalduak ardatz. 19:30ean YXK ikasle Kurduen antolakundeko bi kidek Konfederalismo Demokratikoan ikasle borrokek duten paperaz eta jardunaz mintzatu ziren Lasalle aretoan.

Trikitixen soinuak lagunduta ikasleak Laudioko gaztetxera joan ziren. Bertan Urrats taldeak eta DJ Gaizkik musikarekin bertaratutakoen gerriak dantzarazi zituzten.

Ondorioak eta datozen zitak

Igandean 10:00etan  nazioarteko antolakundeen bilkura egin zuten 12:30ean hasi zen amaiera ekitaldia baino lehen.

Hezkuntzaren pribatizazioaren antzezpena egin ondoren, Laudioko ikasle foroaren ondorioak aurkeztu dituzte. Foro honen helburua argia zen antolatzaileentzat: “Aurrera begirako planteamendu bat ateratzea zen gure helburua eta bete da”.

“Diskurtso sakonik oraindik zehaztu ez badugu ere, baditugu oinarriak”, azpimarratu zuten Ikasle Abertzaleetako kideek.  Izan ere, Laudioko ikasle foroan parte hartu ahal izateko hiru oinarri onartu behar zituzten bertara batzen ziren ikasle eragileek: autodeterminazio eskubidea onartzea, Europar Batasunaren politika neoliberalen aurka egotea eta genero berdintasuna onartzea.

Internazionala abestuz eman zioten ikasleek  amaiera foroari. Urrian, antolakunde bakoitzeko delegazioek Madrilen elkar ikusiko dute borroka komunak gehiago zehazteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


Eguneraketa berriak daude