argia.eus
INPRIMATU
Hezkuntza Legearen inguruko desadostasunak agertu dituzte hezkuntza eragileek Gasteizko legebiltzarrean
  • Sindikatuek Eusko Legebiltzarrean plazaratu dituzte beren kezkak asteazkenean. Steilas, ELA eta LABek bakoitzak bere proposamenak egin arren, zehaztasuna falta salatu dute guztiek. Ikastolen Elkarteak ere bere egin du sindikatuen salaketa.

Aitor Gurrutxaga Muñagorri 2023ko ekainaren 08a
Irati Tobar eta Amaia Urrutia LABeko kideak, Eusko Legebiltzarrean / Argazkia: LAB

Steilas, ELA , LAB eta Ikastolen Elkarteak Eusko Legebiltzarrera eraman dituzte Hezkuntza Lege berriaren proiektuarekiko dituzten zalantza eta kritikak. Guztiek salatu duten zehaztasun faltaz gain, beste hainbat gai izan dituzte hizpide, hala nola euskara, publikotasuna, doakotasuna eta laikotasuna.

Berriak eskainitako informazioaren arabera, ELA eta Steilas sindikatuak legearen aurreproiektuaren kontra daudela azpimarratu dute. Ainhoa Astigarraga eta Javi Kerexazu Steilaseko kideen ustez, legeak pribatizazioari ateak irekiko dizkio, eta segregazioarekin amaitzeko ezintasunak dituela salatu dute.

ELAren esanetan, lege proiektuak doakotasun erreala eta laikotasuna ez ditu bermatzen: “Batetik, kuota gehigarriak kobratzen jarraitu ahalko delako, eta, bestetik, ez duelako espaziorik izango hezkuntza sistema laikorako”.

LABeko bozeramaileek, Irati Tobar eta Amaia Urrutiak, proposamen zehatzak egin dituzte euskararen alorrean. Sindikatuak dio euskal curriculuma hobetzeko eta osatzeko prozesua jaso beharko lukeela Hezkuntza Lege berriak. Bide batez, ikasleei B2 euskara maila eskatzearen alde agertu da, baina “planifikazio” bat egon dadila aldarrikatu du. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk ere, B2 maila ziurtatzeko proposamena egin du: “B2 maila kanpo ebaluazioaren bidez frogatu behar da”.

Manifestazioak hiriburuetan

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak manifestazioak deitu ditu Hezkuntza Legearen Aurreproiketuaren kontra. Ostiralean izango dira, ekainaren 9an, arratsaldeko 18:00etan, eta Donostian Bulebarretik, Bilbon Plaza Eliptikotik eta Gasteizen Plaza Berritik abiatuko dira.