EAEko Hezkuntza Lege berriaren abiapuntuko hitzarmenaren zirriborroa aurkeztu dute aste honetan. Orain ekarpenak egiteko tartea izango dute alderdiek. Hitzarmenean egungo ereduen sistema gaindituko den ala ez garbi adierazten ez dela esan du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta hitzarmena hobetu behar dela esan die alderdiei.
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza lantaldeak osatu du hitzarmenaren zirriborroa, horretarako ehun aditu eta eragileri entzun eta haien ekarpenak jasota. Eragile horien artean dago Euskalgintzaren Kontseilua, iazko abenduaren 21ean aurkeztu baitzuen Legebiltzarrean bere ekarpena, hezkuntza komunitateko hainbat eragilerekin adostutako eskaerarekin batera.
Hain zuzen ere, euskarazko eredua orokortzeko eskaera egin zuten Euskaraz hezi, berdintasunean hazi adierazpeneko sinatzaileek. Ikastolen Elkartea, HEIZE eskola publikoetako zuzendarien elkartea, EHIGE gurasoen elkartea, Kristau Eskola, HikHasik eta ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek babestu zuten adierazpena.
Hitzarmenaren zirriborroak ereduen sistema gaindituko ote den zehazten ez duela-eta kezka azaldu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Hitzarmenean aipatzen den “euskara ardatz duen sistema eleaniztuna” kontzeptua hobeki zehaztu behar dela azaldu du Paul Bilbao idazkari nagusiak. Izan ere, egungo euskal hezkuntza “euskara ardatz duen sistema eleaniztuna” dela dio dokumentuak, eta proposatzen den sistemak indarrean dagoenarekin, irakastereduen sistemarekin, izango duen aldea zein izango den ez du zehazten.
Hitzarmenaren muina auzi horretan kokatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, eta beharrezkotzat jo du Hezkuntza Lege berria egin ahal izateko hezkuntza sistemak eredu orokortu eta bakarra izango duela jasotzea: “Ez du zentzurik egun indarrean dagoen sistema etorkizunekoaren berdina izateak. Horrexegatik, uste dugu hitzarmenean berariaz jaso behar dela hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko dela”, adierazi du Bilbaok.
Legebiltzarreko Hezkuntza lantaldeak aurkeztutako zirriborroan kontuan hartzeko elementuak egon arren euskarazko eredua orokortzeko planteamendua beharrezkoa dela azpimarratu du Euskalgintzaren Kontseiluak, hezkuntza-sistemaren etorkizuneko zikloan hizkuntzarekin ere “anbizioz” jokatu eta jauzia egin behar dela iritzita, eta hori eskatu die alderdiei: “Zinez uste dugu orain dela aurrera egin eta ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko unea, eta horixe eskatu nahi diegu alderdiei. Orain da unea. Bestela, aukera galdu bat izango litzateke”.