Hezkuntza erreforma eta eredu inposatzaileen aurka altxatzeko deia egin zuten Euskal Herriko herri mugimenduetan diharduten hainbat pertsonak, tartean, Walter Wendelin (Askapena), Mattin Troitiño (Etxerat), Azaitz Gartzia eta Xabat Laborde (Euskal Herrian Euskaraz) izan ziren agerraldian beste eragile batzuekin batera.
Frantzian Euskal Herriaren aurkako erasoak konstanteak direla aipatu dute, frantziar gobernuak argi utzi baitu ez duela Euskal Herriko lurralde kolektibitaterik onartuko ezta hizkuntza gutxituen kartarik ere, hauteskunde kanpainan hala agindu bazuen ere. Peillon ministroak abian duen hezkuntza erreforma ere gogor kritikatu dute, ez baitu euskara ezagutzeko bermerik ematen. Hori gutxi balitz, suprefetak ikastolen finantziazioa erasotzen jarraitzen dutela salatu dute.
Espainiako gobernua pauso berberak ematen ari dela adierazi dute, espainiar banderaren inposaketa eta Wert erreforma jarri dituzte horren adibide. Wert erreforma, “espainolista, atzerakoia, eta adoktrinatzailea” izateaz gain, “elite ekonomikoari mesede egiteko diseinatutako erreforma elitista” dela uste dute. Eta murrizketek testuingurua okertu egiten dutela nabarmendu dute.
Jazarraldi honen aurrean, Euskal Herrian ez dela behar bezala erantzun uste dute deialdia egin dutenek. Jazarpen sistematiko honi, batuta egin behar zaiola aurre aipatu dute, “bada garaia indarrak batu, gogoak batu eta ahotsak batzeko elkartzen gaituenaren inguruan eta aldentzen gaituenaren gainetik”. Herri gisa erantzutea beharrezko ikusten dute.
Herri mugimenduko kideek harreman dinamika bat abiatzeko konpromisoa hartu dute, eta aurrerantzean hausnarketa honen inguruko adostasunak biltzen eta herri erantzun hori artikulatzen jarraituko dutela esanez amaitu dute adierazpena. Adierazpenaren inguruan hausnartu eta beraiekin harremanetan jartzeko, posta helbide elektroniko bat utzi dute: herrideialdia@gmail.com.