argia.eus
INPRIMATU
“Hezkuntza akordio hau ez da euskal gizarteak behar duena”
  • Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea "etsita" agertu da, Jaurlaritzaren Hezkuntza-Akordioaren zirriborroak ez dituelako aintzat hartu Topagunearen eskaerak: "Akordio honek eskola publikoa baztertzen du, ez dio segregazioari aurre egiten, sare pribatuaren finantzazioa handitzen du eta ez du murgiltze eredua unibertsalizatzen; labur esanda, egungo egoerak bere horretan jarrai dezan uzten du. Ez da euskal gizarteak, kohesioaren, berdintasunaren, justiziaren eta euskalduntzearen bidean behar duena".

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 15
Argazkia: Natalia Gardeazabal.

Jaurlaritzak aurreko astean plazaratu du  EAEko Hezkuntza Lege berriaren abiapuntu izango den hezkuntza hitzarmenaren zirriborroa (artikulu honetan azalduak ditu Mikel Garciak gakoak).

2020an sortu zen Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak bere balorazioa publiko egin du eta akordio hori ez du egokitzat jo. Topaguneak gogorarazi du akordiorako lau ezaugarri hauek proposatu zituela otsailaren 3an, eta bere ustez akordioak ez ditu kontuan hartu (hitzez hitz honela adierazi dituzte lau ezaugarriak eta hitzarmenaren balorazioa horietako puntu bakoitzean):

Eskola Publikoa sistemaren erdigunean jartzea

"Akordioak ez du jasotzen inolako konpromisorik sare publikoak lehentasuna izan dezan. Kontrara, parekatu egiten ditu bi sareak, pribatua eta publikoa, ezberdinak direnei trataera berdina ematen, eta sistema dual eta diskriminatorioari eutsiz. Publiko izaera ematen dio pribatua denari, zerbitzu publikoa eskaintzen duen aitzakiarekin. Ez du egiten eskola bakarren alde eta ez du publifikazio prozesurik jasotzen. Gobernuaren betiko bide pribatizatzailetik jarraitzen du denon diru publikoarekin denonak ez diren ikastetxeak sostengatuz".

Ikastetxe pribatuek duten finantzaketa ezbaian jartzea

"Akordioak ikastetxe kontzertatuen finantzazioa handituko du guztiz doan izan daitezen. Alderantziz jokatu beharrean, 'izan doan diru publikoa jasotzeko' (legeak dioen bezala), diru publiko gehiagorekin hornituko dituzte orain arte legea bete ez duten eta horri esker zerbitzu hobeak eskaintzen dituzten zentroak. Legeak bermatuko du, beraz, diskriminazioa eta segregazioa sortzen duten ikastetxeen finantzazioa".

Eskola-segregazioari modu tinko eta eraginkor batean heltzea

"Akordioak asmo onak baino ez ditu aipatzen gure hezkuntza sistemak duen arazo larrienaren gainean. Ez da neurri zehatz bat ere aurreikusten segregazioari aurre egin eta gizarte-kohesioa bermatuko duten politiken, planifikazioaren eta matrikulazio prozesu gardenen inguruan. 0-3 zikloa guztiz publikoa izateko inolako aipamenik ere ez da egiten".

Euskalduntzen ez duten hizkuntza-ereduak ez onartzea

"Ez dago hizkuntza-ereduak gainditzeko borondaterik. Akordioak hiru eleko markoan sakontzen jarraitzen du eta ez du murgiltze-eredu bakarra ezartzeko beharrari erantzuten. Euskararik gabe, ez dago integraziorik, haustura soziala baizik".