Hexagonoaren lehen erreforma: lan kodearen zaharrak berri

  • Frantziako Gobernuak aste bat bete du lanean. Lan kodearen erreforma iragarri zuen Macron presidenteak lehen bileran. Aurreko erreformak Lan ministro Myriam El Khomri-ren izena hartu zuen. Muriel Pénicaud izena du Lan ministro berriak, anartean, ezezaguna.


2017ko ekainaren 30an - 07:49
Muriel Pénicaud izena du Lan ministro berriak, anartean, ezezaguna.

Myriam El Khomri ministro sozialistaren lan erreformak arerio asko izan zuen, grebaren bat tarteko. Muriel Pénicaud ministro macronistak izan du dagoeneko bertako sindikatuen lehen lan uzte deia, non eta zuzentzen duen Lan Ministerioan. Arrazoia, enplegatuek lan karga sobera dutela diote, bitarteko gehiago eskatu dute dagoeneko.

Anartean, Macronek eta lehen ministro Edouard Philippek lan kodearen erreformari ekin diote, ahalaz modu diskretuan egin ere. Gobernuak lan kodea udan negoziatu nahi sindikatu eta enpresetako nagusiekin, eta fite eta arin, irailean indarrean jarri. Helburua: ohiko udazken gorria izan dadin udazken hori.

Frantziako Gobernuak Asanblea Nazionaleko gehiengo osoaren babesa dauka. Hala ere, lan erreforma lege dekretuz gauzatu nahi du. Izan ere, azkarragoa pasako da, aparteko eztabaidarik gabe, hartara ere, Macronen lerroko diputaturen bat edo besteren aurkako ahotsa –ez da ziur ere balegokeela, baina badaezpada–  isilduko luke.

Gobernuak ez ditu lan kodean egin nahi dituen aldaketak publiko egin oraingoz. Hedabideek filtratu dituzte dagoeneko. Bost puntu dira nagusiki, irakurgarri dagoeneko. Orain, eragileen –alderdiak, sindikatuak, patronalak– interpretazioak helduko dira.

Europan, Alemania buruan buru, Frantzia ezin dela erreformatu pentsatzen dute. Alta bada, Erreforma izan da Macronen hitz fetitxeetako bat Eliseora iritsi bitartean. Lan kodearen erreformak Muriel Pénicaud izen propioa du. Emeki-emeki, are eta ozenkiago entzunen dena. Hitz propio arrunta dena are arruntago bihurtzeraino: Pénicaud.   

Lan kodearen erreformak langabezia geldiaraztea helburua du, hau pentsatzea ere kontu arrunta da. Estrategikoki ere arrunt pentsatuta dago horregatik: udaldian berari ekitea eta bi hilabetean are kontu arruntagoa bihurtzea.

Macron uhinaren garaia da. Zaharra berritu, ez baina, erreformatzen gutxienez jakin behar da. Dakienak daki, ez dakienak baleki. Hots, zaharrak berri

Abiapuntuan zein ditu aurka, zein alde? Zein ez alde ez aurka? Hauxe ere kontu arrunta.

Aurka: Frantzia Intsumisoaren Jean-Luc Melenchon buruan buru, CGT sindikatua eta honen ingurukoak: Solidaires, UNEF eta FSU. Ipar Euskal Herrian LAB. Hauek ez dute negoziatuko lan kodearen erreforma.

Alde: patronala, bistan da. Aipatu bost puntuak enpresari eta hauen patronalaren aldekoak omen dira. Areago, El Kromri-ren erreformako puntu bat, patronoek “galdu” zutena, berreskuratuko omen dute, eta da: multinazionalek langileen kanporaketak bere nahieran egiteko izan dituzten “arazoak” ikusita, aurrerantzean beren gurarira egiteko aukera emanen die lan kode berriak.

Ez alde ez aurka: CFDT sindikatu erreformista. Erreforma bada, aliatu onena, bistan da. Oraingoan baina, FO sindikatu honen alde paratu da. FO da sindikatuen artean hirugarrena. El Kromri erreforma garaian, CGT eta honen sindikatu sateliteekin “borrokatu” zen, baina oraingoan CFDT sindikatuen aldera lerratu da.

Noski, Macronek amua botatu du dagoeneko. Sindikatuetako langile-tasa asko apaldu da azken hamarkadan. Macronek sindikatuetan langileen izen-ematea emendatzeko enpresek sindikatuen kuotaren zati bat ordaintzea proposatu die sindikatuei.

Macron uhinaren garaia da. Zaharra berritu ez, baina erreformatzen gutxienez jakin behar da. Dakienak daki, ez dakienak baleki. Hots, zaharrak berri.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
2024-03-31 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Artoaren iraultza: Ameriketatik etorritako ogia

 Hainbat herritan antolatzen diren sagardo egunetatik hasi eta neguko solstizioa zedarritzen duen San Tomas feriaraino, artoa ezinbesteko osagaia da folklore-kutsua duen ospakizun orotan. Nonahi ikus daitezke talogileen postuak, olanazko estalkietatik zintzilik jarritako... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


Eguneraketa berriak daude