argia.eus
INPRIMATU
Heteroarautik kanpoko bizipenak bilduko ditu "Arrakala" dokumentalak
  • Zer da heteroaraua? Nola egituratzen da jendartean eta zelan eragiten digu gure harremanetan? Honen moduko galderei erantzuna eman nahi die "Arrakala" dokumentalak. Euskaraz eta Euskal Herria bere osotasunean hartzen duen heteroarauari buruzko ikus-entzunezko lanik ez dagoela jakitun, ekin diote lanari Topatu.infok eta Euskal Herriko Bilgune Feministak elkarlanean.

Axier Lopez @axierL 2014ko apirilaren 01a

Ertz anitzeko gai horri heltzeko sistema heteropatriarkaleko muga zurrunetatik at bizi diren hainbat lagunen esperientziak bildu dituzte dokumentalean. Mugimendu Feministak, eta bereziki lesbianek, urteetan eginiko lanari nolabaiteko aitortza egiteko ere baliatu nahi dute proiektua; heteroaraua urrutiko kontzeptu bat izatetik egunerokotasunera, eremu publiko eta politikora, ekartzen saiatu diren mugimendu nagusiak izan baitira.

Tresna kutxa

Lan honen oinarria eta ardatza dokumentala izango bada ere, proiektua tresna kutxa gisa planteatu dute. Izan ere, eztabaida zein lanketa kolektiborako baliabideak eskainiko dituzte. Hala nola, dokumentaleko elkarrizketa guztiak osorik eskainiko dituzte, gai zehatzen inguruko formazioan sakondu ahal izateko. Bestetik, eztabaidak dinamizatzeko eredu posibleak ere eskainiko dituzte. Hau da, dokumentala ikusi osteko solasaldiak bideratzeko eredu teoriko batzuk. Eta azkenik, gaiarekin lotutako hainbat lagunen idazkiak, marrazkiak eta margoak bilduko ditu lanak.

Dokumentala ekaina aldera amaituko dute baina bien bitartean, aurrerapen gisa, astero bideo laburrak, elkarrizketen aurrerapenak, proiektuaren inguruko albisteak-eta argitaratuko dituzte www.arrakala.net webgunean. Berbarako, Bizkaiko Lesbiana Feministen Kolektiboari buruzko bideo batzuk sareratu dituzte jada: