argia.eus
INPRIMATU
Herrixka baskoi baten harresia atzeman dute Eslabako Santakriz aztarnategian
  • Ikerlariek ez dute erromanizazio zantzurik atzeman Burdin Aroko kokaleku horretan. Adituen arabera gunea suntsitu gabe abandonatu zutela erakusten dute arrastoek.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2025eko irailaren 18a
Herrixka baskoi baten harresia atzeman dute Eslabako Santakriz aztarnategian.

Herrixka gotortu baskoian ezarri dituzte indarrak aurten, Eslabako Santakrizen aztarnategian. Burdin Aroko kokaleku horren harresi zati bat izan litekeena aurkitu dutela azaldu du María García Barberena arkeologoak eta indusketako zuzendariak. Eremu horretan 6x3 eta 5x3 metroko zundaketak egin ondoan, erromanizazio zantzurik ez dute atzeman ikerlariak. Hain zuzen, horixe da "harrigarriena" García Barberenaren arabera. Izan ere, gaur gaurkoz, erromatar eraginik gabeko kokalekuak biziki urriak dira Euskal Herrian.

Ikerlariak gaineratu duenez, ondoko urteko kanpainan herrixkako etxebizitza baten arrastoak agertu litezke, eta horrek aztarnategiaren atal hori musealizatzeko aukera irekiko luke. Zentzu horretan, gune horretan jarraikortasunez industeko aukera mahaigaineratu dute arduradunek, haien ustez aukera paregabea iza baitaiteke oraindik hain ezezagun zaizkigun baskoien kultura materiala argitara emateko.

Andelos, Iruñea eta Uncastilloko "Los Bañales" guneek mugatutako eremuan kokatzen da herrixka baskoi hori, eta euskal hizkuntzaren zantzu tenonimikoak, antroponimikoak eta toponimikoak biltzen dituen lurralde batean kokatzen da.