argia.eus
INPRIMATU
Naziometroaren inkesta
Herritarren erdiek diote ikastetxe publikoen eta itunpekoen baliabideak parekatu behar direla
  • Haurrak eskolaratzerakoan, %35ek egingo luke publikoan, baldintza eta balizko traba guztiak ahaztuta. Zein ezaugarrik ezaugarritzen duen zer: %60ak lotzen ditu Ikastolak euskararen ezagutza bermatzearekin; “ikasle mota guztiak” jasotzen dituena berriz, %53arentzat, eskola publikoa da; eta "elitismoa" ezaugarri gisa dutenak, bestetik, eskola pribatuak dira (%51ek diote horrela). Emaitza hauek azaleratu ditu Naziometroaren laugarren neurketak dira, 2022koak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko maiatzaren 09a
Iturria: Telesforo Monzon laborategiak egiten duen naziometroaren laugarren neurketa.

Telesforo Monzón laborategiaren Naziometroak hezkuntza sistemaren eta ereduaren inguruan galdegin zuen Euskal Herrian, 2022an. Irakasle eta profesionalen artean zalantzarik ez dute ikusten herritarrek, ikastetxe eredu guztietan gaitasunari dagokionean antzerakotzat jo dituzte, eta lana lortzeko aukerak ere “denetan berdin” dela nabarmendu dute, nahiz hamarretik ia hiruk pentsatu eskola pribatuek aukera gehiago eskaintzen dituztela. Berritzaileena zein eredu den esaterakoan, gehiago parekatu dira zifrak: denak berdin direla esan dute %29k; eskola pribatuekin %22k egin dute bat; eta ikastolekin, atzetik, %19k.

EAEko Hezkuntza Legearen lege-proiektua onartu berritan, azpimarratzekoa, hamarretik ia zortzi ados dagoela ikasleen onarpenerako ikastetxe guztiek baldintza berak betetzearekin. Hamarretik ia sei, berriz, alde daude kuotak ez kobratzearekin.

Itunpeko ikastetxeen eta eskola publikoaren artean, "zer egin" ere galdetu zaio herritarrari. %45a ados agertu da itunpeko sarea mantentzearekin, baldin eta baliabide eta betebeharrak berdintzen badira. Horrez gain, bostetik batek itunpeko sarea desagerraraztearen alde hitz egin du, eta antzerako kopuru batek babestu du itunpeko sarea gaur egun dagoen bezala.

 

 

Argazkia: Telesforo Monzón laborategia.

 

 

Printzipio horiei buruz galdetuta, gero zer egingo zuen norberak? Non eskolaratuko zituen haurrak, egon daitezkeen era guztietako baldintzak eta trabak baztertuta? Horra datuak: %35ak eskola publikora joko luke; %25ak eskola pribatura; eta %24ak Ikastolara.

 

 

Argazkia: Telesforo Monzón

 

 

Eta hezkuntza ereduez, zer iritzi?

Esplizituki ez du halako galderarik egin Naziometroaren laugarren neurketak. Dena den, bai galdetzen dela euskarak zein toki izan beharko lukeen ikasgaietan. Honakoak dira emaitzak: %33aren ustez ikasgai gehienak edo denak euskaraz izan behar dira; herritarren laurdenak dio "ikasgai batzuk" izan beharko luketela euskaraz; eta %32aren iritziz, ikasgai bat gehiago izan beharko luke. Soilik %3a da ez duena euskara irakasterik nahi hurrengo belaunaldiei.

 

 

Iturria: Telesforo Monzón laborategia.

 

 

 

Osasuna ere hizketagai: okertu egin da arreta

Naziometroan azken neurketak, bosgarrenak, osasun publikoaren kudeaketa izan du hizketagai.

Herritarren erdiek uste dute osasun publikoak "baliabide eskasak" dituela, eta hamarretik zazpik azpimarratu dute aurrez aurreko hitzordua eskatzeko aukerak "okertu" egin direla. Pertzepzioa okerragoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hobea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Tartean dago, berriz, Nafarroa.