argia.eus
INPRIMATU
Aukera gutxiago izango dute herritarrek EAEko parlamentuan parte hartzeko
  • EAEko legebiltzarrak barne-araudia aldatu du eta, EH Bilduk salatu duenez, aurrerantzean zailagoa izango da herritarrek eta eragile sozialek legeen tramitazioetan parte hartzea.

ARGIA @argia 2018ko urtarrilaren 31

Koalizio soberanistaren oharra jaso du Herrikolore hedabideak. Bertan esaten denez, araudiaren aldaketa “iraina” da eragile sozialentzat eta “negargarria da” beste inor kontra agertu ez izana.

Orain arte elkarteek, taldeek eta gai zehatzetan adituak diren pertsonek EAEko legebiltzarrean hitz egiteko aukera zuten parlamentuko taldeek hala eskatuz gero. Aukera hori ez da desagertuko araudi aldaketarekin, baina murriztu egingo da: agerraldi kopurua gutxituko dute eta haien iraupena ere laburtu egingo da, 15 minutura.

EH Bilduk salatu duenez, beraiek izan dira neurriaren kontra egin duten bakarrak. Uste dute araudi aldaketak “ahots kritikoak isilarazi eta Eusko Jaurlaritzaren lege-proiektuei alfonbra gorria jartzea” duela helburu”.

“Ulergarria da EAJk eta PSEk, alderdi-arrazoiengatik, herritarren parte-hartzea mugatzearen alde egitea, baina erabat ulertezina da Podemosek eta PPk aurka egiteko gaitasunik eduki ez izana”, EH Bilduren oharrean irakurtzen denez.