Botikengatik gehiago ordaindu beharko dute Espainiar Estatuko herritarrek

  • Pentsiodunek errezetatzen zaizkien botiken %10 eta herritar aktiboek %50 ordaindu beharko dute aurrerantzean, Ana Mato Espainiako Osasun ministroak atzo jakinarazi zuen moduan. Gaur egun pentsiodunek ez dute deus ordaintzen, eta gainerako herritarrek %40 ordaintzen dute.


2012ko apirilaren 19an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 13:51:30

Pentsiodunen kasuan, hilean gehienez 8 euro ordainduko dituzte urtean 18.000 euro baino pentsio baxuagoa jasotzen dutenek; eta gehienez 18 euro diru kopuru handiagoa jasotzen dutenek. Hilean 8 ala 18 euro baino gehiago gastatzen badituzte, kopuru horiez gaindiko diru kopurua  itzuli egingo zaie.

Herritar aktiboen kasuan, %50 ordainduko dute oro har (orain arte baino %10 gehiago). Dena den, urtean 100.000 euro baino gehiagoko errenta dutenek %60 ordainduko dute; eta 18.000 euro baino baxuagoa dutenek %40 ordaintzen jarraituko dute.

Salbuespenak ere badaude. Prestaziorik gabe geratzen diren langabetuek eta pentsio ez-kontributiboa (asistentziala) jasotzen duten pentsiodunek ez dute deus ordaindu beharrik izango.

Bestetik, "osasun turismoa galarazteko neurriak" hartuko dira. "Baliabideak jarri ditugu soilik osasun arreta jasotzera datozen atzerritarren gehiegikeriak amaitzeko", esan du osasun ministroak. Horretarako, soilik osasun arreta jasotzeko bizilekuz aldatzea debekatzen duen Europako Batasuneko zuzentarau bat txertatuko dute Espainiako legerian.

Halaber, botikak erosteko zentro bateratua sortuko da (besteak beste prezioak negoziatzeko autonomia kenduko zaie erietxe eta erkidegoetako osasun departamentuei); eta osasun-txartel bakarra izango dute erkidego guztietako herritarrek (bakoitzari buruzko informazio fiskala jasoko du txartelak).

Aipatu neurriekin 7.000 milioi euro aurreztu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Osasun ministerioak ez du "kopagoa" terminoa erabili nahi izan, "ordainketan egokitzapena" baizik.

Murrizketak bihar onartuko dituzte, hezkuntzakoekin batera, eta bi hilabate barru jarriko dira indarrean.

Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria ados agertu dira neurri gehienekin, baina adierazi dute horiek aplikatzea ez dela erraza izango eta "dirua kostatuko dela", Bengoak nabarmendu duenez.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude