argia.eus
INPRIMATU
Herritarrak eragile, udalekiko harremana euskaraz izan dadin
  • Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak akuilatuta, herriz herriko dinamika berri bati ekingo zaio 2014tik goiti. Senperen aurkeztu zen egitasmoa eta udal administrazioaren eta herritarren arteko harremanak euskaraz izateko indarra egitea du helburu. Sebastien Irazoki EHEko kideak aipatu zuenez, “herritarrak aktibatzea” nahi luke kanpainak, hau da, herrietako biztanleak bultzatzaile bilakatzea, “euren borondate eta eskari zuzenetik” abiatuta, “Herriko Etxeetan eragiteko”.

Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko abenduaren 24a
EHEko kideak Senperen, kanpainako afixak eskuan.

Zentzu horretan, ekimena martxan jarri ahal izateko euskarriak ipiniko ditu EHEk bere internet orrian. Sinbolo gisa, abenduaren 23an Senpereko udaletxearen aitzinean bildu ziren EHEko ordezkariak, 2012an bertako izen ofiziala Senpere bilakatzeko lanean hasi baitziren, eta dinamika hori eredutzat hartu dute. Faltzeseko herritarren ahalegina ere goraipatu zuten.

Udala edo herriko etxea da herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa eta baditu hizkuntza politika egiteko konpetentziak. “Hortaz, herriko etxe zein udalari euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatu eta honekiko harremanak euskaraz izateko dugun eskubidea bermatzeko eskaria bideratuko diogu”, nabarmendu zuen EHEren oharrak.

Agerraldiaren amaieran, euskaldunon hizkuntza eskubideak kontuan hartzeagatik Espainiako Estatuaren jomugan dauden udalerriak izan zituzten gogoan.