argia.eus
INPRIMATU
“Herriko mural guztiak ezabatu nahi dituztela esan digu alkateak”
  • Kaleari ezarritako mugen eta debekuen gaia pil-pilean dago Euskal Herriko hainbat herritan. Horietako bat da Lekeitio. Emakumeen gorputzaren gaineko presioa salatzeko talde feministak hondartzan egindako murala ezabatu izanak piztu du polemika. Potxuak Martxan eta Kalia Danona Da taldeetako kide Jone Larrauri Frailerekin hitz egin dugu.

Axier Lopez @axierL 2016ko uztailaren 29a
Udalak ezabatu zuen mural berdina berriz margotu dute aste honetan hondartzako paretan. Udalak ezabatu zuen mural berdina berriz margotu dute aste honetan hondartzako paretan.

Duela urtebete margotu zenuten murala aurreko udal gobernuaren baimenarekin, baina egungo alkate Koldo Goitiak ezabatzeko agindu zuen. Arrazoirik eman al dizuete?

Potxuak Martxan talde feministak udaleko Berdintasun Foroan parte hartzen zuenez, murala zentsuratu ostean berdintasun zinegotziarekin eta alkatearekin bilera egin genuen. Egia esan, ez ziguten arrazoi handirik eman. Arrazoi paisajistikoak, estetikoak aipatu zituzten.

Halere, beren asmoa oso argia da. Aurrez aurreko bilera horretan Lekeitioko mural denak ezabatu nahi dituztela adierazi zigun, baina horretarako behar beste dirurik ez dagoenez, oraingoz gurea ezabatu dute. Beste bat izan liteke baina, gurea izan da lehena zentsuratzen. Ez zaie muralaren mezua gustatu, antza.

Horren ostean, Berdintasun Foroa uztea erabaki genuen. Aste honetan bertan murala berriz ere margotu dugu.

Erantzun gisa uztailaren 26an “Kalia Danona da” ekimenaren lehen bilera deitu zenuten. Zergatik?

Zentsuraren atzean bi arrazoi ikusten ditugu. Batetik, muralaren edukia bera. Emakumearen gorputzarekin eta loditasunarekin lotutako mezua desagerrarazi nahi izan dute. Eta bestetik, zentsura. Duela urtebete EAJ udal gobernuan sartu zen eta ordutik eurek deitzen duten “garbiketa prozesua” martxan jarrita dago.

Beraz, argi dugu mural horren ezabaketa ez dela talde feministari bakarrik dagokion kontua, harago doa eta, herritar eta eragile orori dagokionez, erabaki genuen bilera zabal hori antolatzea, herri mailan horri erantzun zabala emateko.

Kalia Danona Da ekimenaren lehen bilera

Zer moduzko harrera izan zuen lehen bilerak?

Ona. 22 lagun batu ginen, herri mugimenduetako kideak eta maila pertsonalean gerturatutako lagunak.  

Zer duzue buruan?

Bileran argi geratu zen herrian kezka hori bizirik dagoela. Beraz, ez zen bilera puntual bat izan, datorren abuztuaren bian berriz elkartuko gara ekimenari forma ematen jarraitzeko.

Zumaian ere izen bereko ekimen bat dago.

Bai, badakigu hor eta beste zenbait herritan gaia pil-pilean dagoela. “Kalea guztiona da” leloa oso egokia iruditzen zaigu. Kontu originalak egiten ari dira eta, arazo bera denez, esperientzia eta ideiak elkar-trukatzea interesgarria da.

Arrasaten,  Zumaian, Donostian, Azkoitian, Soraluzen, Lekeition… espazio publikoari ezarritako debekuak ugaritzen ari direla dirudi.

Bai, kontu hauetan kasualitateak ez dira gertatzen. EAJ alderdiaren erabaki bat dela ematen du, goitik datorren agindu politiko bat. Lekeitioko udalbatza batean alkateak zentzu horretan hitz egin zuen.