argia.eus
INPRIMATU
Herrietako hauteskundeen lehen itzuliko emaitzak ez dituzte baliogabetuko
  • Herrietako bozketen bigarren itzulia ekainaren 21era atzeratzea proposatu du Edouard Philippe Frantziako Lehen Ministroak. Horrez gain, lehen itzuliko emaitzak kontutan hartuko direla zehaztera eman du gobernuak, hots, ez dira legediak eskatzen duen bezala baliogatuko.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko martxoaren 17a
Koronabirusaren epidemiaren erdian egin dira herrietako hauteskundeak

Azkenean, koronabirusa dela eta, hauteskundeen bigarren itzulirik ez da egonen igande honetan. Lehen itzuliaren biharamunean eman du erabakiaren berri Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak. koronabirusaren kontra harturiko neurrien multzoan dago hauteskunde horien atzeratzeko erabakia. Xehetasunik ez du eman ordea aldaketak ondorioztatu galderei buruz: legeak hala beharturik –Hauteskundeen Legediako L.56 artikuluari segi, "hauteskundeen bi itzuliak konektatuak izan behar" direlako– ezeztatuko dira lehen itzuliko emaitzak? Zer gertatuko da lehen itzulitik hautaturiko auzapezen kargualdi berriari dagokionez?

Diskurtsoaren biharamunean datoz erantzunak. Bigarren itzulia ekainaren 21ean egitea proposatu du Edouard Philippe Lehen Ministroak. Hala ere, maiatzean koronabirusaren epidemiari buruzko egoera sanitarioak bideratuko luke datarena, Philipperen hurbilekok zehaztu dutenez.

Lehen itzuliko emaitzak mantendurik

Bestalde, kontutan hartuko dira hauteskundeetako lehen itzuliko emaitzak. Lehen itzulitik garaipena lortu duten auzapezei dagokionez –eta osatu diren herriko kontseiluei buruz–, ezjakintasuna da nagusi. Ohiz kanpoko egoera izanki, erantzunak ez daude hain argi.

Izandako abstentzio tasa alimaleaz ez du oharrik egin Frantziako presidenteak. Baina "eskerrak" eman dizkie bozkak antolatu eta bozkatzera joandakoei. Koronabirusaren hedapena mugatzeko asmoz "arduratsuki" jokatzeko manua eman duen arren, kutsatzeak mugatzeko helburuz etxean geratzea erabaki zutenei ez die hitzik luzatu. Alta, parte hartzea %55koa izan zen martxoaren 15eko lehen itzulian. Gainera, ezker eskuin entzuten diren lekukotasunei segi, bozketarako gobernuak planteaturiko segurtasun sanitario neurriak ez ziren beti errespetatuak izan: bozkatzaileen arteko distantzia, soluzio hidroalkoholikoa “nahi” zutenentzat, eskularrurik gabeko bozka kontaketak, eta abar. Horretaz ez zuen hitz egin Macronek lehen itzuliaren biharamuneko hitz hartzean.