argia.eus
INPRIMATU
Herrietako farmaziak despopulatzearen kontrako tresna izan daitezkeela uste du COFNAk
  • Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak (COFNA) eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Sailak programa bat abiatu dute landa eremuko jendeak behar bezala hartzeko medikazioa.

Olaia L. Garaialde 2025eko maiatzaren 30

Dosifikazio Pertsonalizatuaren Sistemaren (DSP) bidez, sendagaiak behar bezala hartzeko zailtasunak dituzten pertsonei erraztasunak jartzea dute helburu COFNAk eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Sailak. Horretarako, aste osoko tratamendua jasotzeko pilula-kaxak sortu dituzte. Bertan, argi eta garbi agertzen da noiz eta nola hartu behar den pilula bakoitza. Doako zerbitzu bat da, eta ekainaren 1etik aurrera martxan egonen da Nafarroako mendebaldeko eta Pirinioetako farmazia gehienetan.

Batez ere zuzenduta dago bakarrik bizi diren pertsona zaharrei, botika-hartzeak ahaztu edo nahasten dituzten pertsonei, pilula asko hartzen dituztenei eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituztenei. COFNAren arabera, abantaila ugari ditu; hala nola sendagaiak une eta dosi egokian hartzea erraztea, nahasteak eta akatsak saihestea, tratamenduaren jarraipena erraztea eta bizi kalitatea hobetzea. Gainera, ez da beharrezkoa pilulak behar dituen pertsona joatea farmaziara; bizilagunak, senideak edota konfiantzazko beste norbait joan daiteke. “Momentu batetik aurrera, pertsona askorentzat medikuak esan bezala tratamendua hartzea ez da batere erraza. Programa honek ahalbidetzen du jendea euren herrietan duintasunez eta laguntzarekin geratzeko aukera izatea”, esan du Pili Ardanazek, Medikamentuei buruzko informazio-zentroko farmazialariak.

Uste du herrietako farmaziak despopulatzearen kontrako tresna izan daitezkeela: “Argi dago, batez ere udalerri txikienetan, askotan farmazia dela herritarrek eskura daukaten osasun zerbitzu eta osasun profesional bakarra. Horregatik, funtsezko zeregina betetzen dute zenbait arlotan; hala nola osasun heziketan eta tratamenduen atxikipenean”. Horregatik uste du pilula-kaxen sistema landa eremuko farmazien lana balioan jartzeko modu bat dela: “Osasun-aktibo gisa, biztanleria finkatzeko eta zonaldean lana sustatzeko farmaziak duen rola indartzen du”.

Herrietako farmaziak erreferentziazko lekuak dira: "Medikuarenera joan aurretik farmaziatik pasatzen dira"

Proiektu pilotua Auritzen

Momentuz, Nafarroa mendebaldean eta Pirinioetan dauden hogeita sei farmazietatik, hogei farmazietan jarriko dute martxan programa. Aurrerago landa eremuko zonalde gehiagotara zabaldu nahi dute; alabaina, borondatezkoa da programan partea hartzea. Aurizko Inmaculada capilla frías farmaziako farmazialaria da Irati Alduntzin, esan du farmazialari guztientzat ez dela erraza programan partea hartzea: “Adibidez, badago farmazialariren bat oso heldua dena eta ikara ematen diona software berri bat erabili behar dugulako medikazioa erregistratzeko. Beste batek, adibidez, erresidentzia bateko pilula-kaxa guztiak egiten ditu. Orduan, ezin du”.

Proiektua abiatu baino lehen, proiektu pilotua egin zuten duela bi urte Auritzen. Alduntzik azaldu duenez jendea kontent dago: “Egia da aurreko titularrak lehenago ere egiten zizkiela kobratu gabe, orduan ez dute hainbeste sumatu. Hala ere, inguruko herriek ez zutenez egiten, ondoko herrietako jende asko etortzen zen”. Gaineratu du herrietako farmaziak erreferentziazko lekuak direla herritarrentzat: “Medikuarenera joan aurretik farmaziatik pasatzen dira. Oso gaizki egon behar dira medikuarenera joateko”.