Hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek (Health Poverty Action, Global Financial Integrity, Copenhagen Consensus edota ELGA) zabaldutako azken datuek erakusten dute herrialde aberatsek Afrikan inbertitzen dutena baino %50 gehiago jasotzen dutela.
Azken urteetan asko goraipatu da herrialde garatuak deitutakoek Afrikari ematen dioten laguntza. Herrialdeok kontinentetik ateratzen dituzten irabaziekin alderatuz gero, ordea, oso txiki geratzen da laguntza hori. Slavoj Žižek soziologoak dioenez, herrialde aberatsek “eskuineko eskuarekin konpondu nahi dute ezkerrekoarekin suntsitu dutena”.
GKEek egindako ikerketaren arabera, atzerriko inbertsioek eta bestelako kontribuzio pribatuek 134.000 milioi dolar inbertitzen dituzte Afrikan. Ordea, multinazionalek hango zorretik ateratzen duten diruak, finantza fluxu bidegabeek, arrantza eta baso-mozte ilegalek, edota Afrikatik herrialde aberatsetara eramandako profesionalek, 192.000 milioi dolar baino gehiagoko galera suposatzen dio kontinenteari.
Multinazionalek 46.000 milioi dolarreko irabaziak lortzen dituzte Afrikatik, eta 35.000 milioi euroko finantza fluxuak ateratzen dituzte kontinentetik kanpora. Horrekin alderatuta, laguntza ekonomiko eta subentzioak ez dira 40.000 milioietara iristen.
GKEek ohartarazi dute “herrialde garatuetan” dagoen pertzepzioa ez dela zuzena, eta Afrika laguntzera baino, irabaziak lortzera joaten direla hara nazio eta enpresa gehienak.