26 urtez euskal preso eta iheslariak etxeratzeko aldarria oholtza gainera eraman ondoren, Hatortxu Rock jaialdiak bere azken edizioa egingo du ostegunetik igandera bitartean, Lakuntzan (Nafarroa). Jaialdian bildutako dirua preso sein senideentzat dispertsioak zekarren zama arintzeko baliatu izan da urteotan guztiotan. Jaialdiko ordezkarietako bat den Ohian Ekizarekin hitz egin du ARGIAk, eta azpimarratu du elkartasuna dela Hatortxu Rocken ardatza eta oinarria: "Boluntarioen lanik gabe ez zen posible izango jaialdirik egitea".
30 edizioren eta ehunka musikariren parte hartzearen ondoren, Hatortxu Rock musika eta elkartasun jaialdiak azkeneko aldiz bilduko ditu Euskal Herria osotik etorritako milaka lagun euskal preso eta iheslariak etxeratzeko aldarrikapenaren bueltan. 1999an lehen aldiz eginiko ediziotik ostegunetik igandera bitarte Lakuntzan egin behar denaren artean, "zorionez" gauzak "asko" aldatu direla nabarmendu du Ohian Ekizak, jaialdiaren ordezkarietako batek: "Lehen aldiz egin zenean, euskal preso eta iheslarien eta haien senideen egoera oso larria zen".
Gaur egun presoen dispertsioa amaituta badago ere, Ekizak azpimarratu du askok oraindik espetxeratuta jarraitzen dutela, eta graduen bidez irtendako horiek "egoera txarrean" etxeratzen direla: "Denbora luzez lanik egin gabe egon direnez, urte asko kotizatu gabe dituzte". Hortaz, aurtengo jaialdiak euren etxeratze prozesuaren "duintzea" aldarrikatzeko zeregina izango du, egun presoek duten "arazo nagusia" baita.
Hatortxu Rockek bere lehen ediziotik bete duen funtzioaz galdetuta, Ekizak azaldu du presoentzako nahiz haien senideentzako laguntza ekonomikoa lortzea izan dela jaialdiaren helburu nagusia, euren egoera mahai gainean jartzearekin eta azaleratzearekin batera. Ekizaren arabera, presoentzako nahiz euren senideentzako dispertsioak zekarren "zama ekonomikoari" aurre egiteko jaialdia "funtsezkoa" izan da.
Gazteengana hurbildu nahian, elkartasuna oinarri
Azken 26 urteetan testuinguru politiko eta soziala nabarmen aldatu denez, jaialdiak edizioz edizio ezarritako helburuek ere bilakaera bera izan dute. Hatortxu Rocken publiko nagusia euskal gazteria izanik, Ekizak adierazi du gehienek ez dituztela zuzenki ezagutu euskal preso eta iheslariei ezarritako dispertsio politiken ondorioak. Hortaz, gazteak preso eta iheslarien egoera "gerturatzea" izango da Lakuntzan egingo den edizioaren helburu nagusia, auzi horretatik aldendu ez daitezen.
Jaialdiaren azken edizioa bada ere, beste behin Hatortxu Rockek elkartasuna "oinarri eta ardatz" izango dituela nabarmendu du Ekizak. Izan ere, astebururako boluntarioen 7.079 txanda baino gehiago antolatu dituzte. "Herriak erabaki du Hatortxu Rock 30 aldiz egitea. Boluntarioen lanik gabe ez zen posible izango jaialdirik egitea", adierazi du Ekizak.
"Sorpresaz beteriko ekitaldia" uztailaren 27an
Horretarako, joan den astean Hatortxu Rockeko hainbat ordezkarik iragan astean iragarri zuten uztailaren 27an ekitaldia egingo dutela 'Etxera' lelopean. Jaialdiko gune nagusian irakurritako manifestuan ordezkariek "Euskal Herriak bizi izan duen gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko garaia da. Luzeegi gertatzen ari da jada konponbiderako bidea. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatu guztiak etxean behar ditugu". Manifestua 22 eragilek babestu dute: Sare, Harrera, Etxerat, Nafarroako Torturatuen Sarea, Sortu, EH Bildu, Ernai, Ikama, Xuti gazte, Gazte Abertzaleak, Bilgune Feminista, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, AEK, Steilas, LAB, ELA, Hiru, EHNE, 40 Minutu, Ezkerraldea Fest eta EDH.