Euskaran, feminismoan eta naturan oinarrituta bizi dituzte Euskal Udalekuak Bernedon, Abaigarren eta Goñin. Bertako hezitzailea da Amaia Ramirez.
Euskara sustatzeko asmoz sortu zituzten duela hirurogei urte Euskal Udalekuak, eta bizi-bizirik jarraitzen dute ordutik. Hiru etxe dituzte: Bernedon (Araba), Abaigarren (Nafarroa) eta Goñin (Nafarroa). Abaigar etxeko hezitzailea da Amaia Ramirez, eta ilusioz bizi ditu udalekuak: “Haurrak euskaraz aritzeko arnasguneak dira, eta euskaraz murgildu nahi dutenentzat aukera bat”. Martxoaren 3tik aurrera izena emateko epea zabalik da.
Euskal Udalekuak hasi zirenetik hirurogei urte pasa dira. Zaila da denboran mantentzea?
Ikastolen mugimenduko boluntario batzuk hasi ziren bere garaian, euskara gehiago bultzatu nahi zutelako. Urteekin etxe batzuk itxi ditugun arren, hasi zirenek esaten dute diru eta baliabide gutxirekin baina gogo askorekin sortu zituztela udalekuak. Eta, hortaz, euskara zela proiektu hau aurrera eramateko ilusio bakarra.
Euskara, natura, feminismoa eta zaintza dituzue ardatz. Nola lantzen dituzue?
Udalekuen aurretik saiatzen gara natura, zaintza, konpromisoa, nazioa ikuskera, euskara eta beste hainbat kontu lantzen. Horretarako, txanda egin baino lehen, formakuntza jasotzen dugu hezitzaileok. Txandetan jarduerak ere egiten ditugu, eta ikusten badugu ez dela betetzen edo haurren artean ez dela ikusten, aurreikusita ez zeuden zenbait ekitaldi ere egiten ditugu.
Adibidez?
Birziklapenean tematzen gara eta euskararen eguna egiten dugu. Horrez gain, elkarlana sustatzeko dinamikak eta formakuntzak egiten ditugu hezitzaileon artean. Adibidez, duela gutxi gure arteko harremana eta ezagutza sustatzeko formakuntza bat egin genuen. Uste dugu txandak aurrera eramateko ezinbestekoa dela elkar ezagutzea.
Leku batzuetan begirale erabiltzen dute, zuek hezitzaile nahiago duzue zergatik?
Nahiz eta inpaktu handirik ez izan, bi aste egoten direlako gurekin, gustuko dugu hezte prozesu horretan gure baloreak lagungarriak izatea.
Herriak gaztez betetzen dituzue. Nolako harremana izaten duzue herrikoekin?
Orokorrean, ona. Herri txikiak izaten direnez zahartutako herriak izaten dira. Orduan esaten digute herria pozten dugula, eta bizia ematen diogula. Hala ere, betiko konfliktoak daude; azkenean, ohituta bazaude hogei biztanlerekin bizitzera, laurogei ume etortzeak herria asaldatzen du.
Eta nola antolatzen zarete etxeetan?
Izena emateko dirua lortzen dugunean pertsona bat dago dirua kudeatu eta proportzionalki banatzeaz arduratzen dena. Ostean, etxe bakoitzak kudeaketa propioa dauka.
Zer izanen ziren udalekuak boluntariorik gabe?
Ezer ere ez. Hezitzaileok, gainera, ez genuen berdin jokatu borondatez izango ez balira. Ez dira bakarrik udalekuak; aurretik dauden bilerak ere sartzen dira. Txandetan ikusten da ilusio, gogo eta bizi-poz gehiago dagoela.
Aurtengo helburu konkreturik?
Herri txikietako eta Ipar Euskal Herriko umeak erakartzea da gure erronka. Azkenean, etortzen direnak gehien bat Gipuzkoako herri handiagokoak dira. Horregatik, erronka bat da hori. Udalekuak haurrek euskaraz aritzeko arnasguneak dira, eta euskaraz murgildu nahi dutenentzat aukera bat, hezitzaileok bide horretan laguntzeko prest gaude.