Helena Franco, David Fernandez, Oihana Etxebarrieta, Unai Pascual, Iratxe Esnaola, Iñigo Iruin, Esther Larrañaga, Nerea Idigoras eta Jose Mari Usatorre ariko dira Otegirekin batera.
Bost emakumek eta bost gizonek osatuko dute "oraingoz" EH Bilduko lehendakarigai izango den Arnaldo Otegiren lantaldea "herri proiektua" osatzeko. Tartean ardura politikoak izan dituztenak daude, hala nola Gipuzkoako Ogasun diputatu ohi Helena Franco edota Esther Larrañaga EAEko kontseilari ohia. David Fernández Kataluniako CUPeko kidea ere izango da lantalde horretan, baita ingurumen arloan edo mugimendu feministan esperientzia dutenak ere. Eta ezker abertzaleko historikoetako bat, normalizazio politikoan eta gatazkaren konponbidean jardun izan den Iñigo Iruin abokatua.
"Talde honek erantzuten dio egoera politiko konkretu baten inguruan egiten dugun hausnarketa konkretu bati –azaldu du Otegik asteazken goizean Donostian lantaldea aurkezteko unean–, erronka handi bat dauka herri honek aurrean eta gauza aunitzei erantzun behar die".
Lantaldeak irailean egoera politikoari buruzko analisia aurkeztuko du, proposamen bat izango da baina "ez programa bat", argitu du Otegik, EAEko hauteskundeak gertu daudela jabetuta. Lau ildo landuko dituzte batez ere: pertsonak, natura, askatasun demokratikoak eta nortasuna.