argia.eus
INPRIMATU
"Konponbidearen alde, eskubide guztiak" aldarrikatu dituzte milaka lagunek Bilbon
  • Segiren kontrako epaiketa eta 'Herriko tabernen auzia' salatzeko milaka herritar elkartu dira Bilboko manifestazioan, “Konponbidearen alde, eskubide guztiak. Libre! Epaiketa politikorik ez” lemapean.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 28a
Manifestazioaren burua, Bilboko kaleetan. (Arg: Marisol Ramirez/Argazki Press)

Bilboko Kale Nagusian hasi eta Udaletxe parean bukatu da mobilizazioa. Laranja kolorea izan da nagusi ibilbide osoan; “libre” dioten kamiseten kolorea. Martxa bukatu ostean, Floren Aoiz eta Garazi Rodriguez auzipetuek hartu dute hitza. Errudunak direla aitortu dute. “Errudunak gara, aro politiko berria bultzatzearen errudunak”, esan du Aoizek.

“Demokrazia” aldarrikatu dute eta Espainiako Estatuari dei egin diote: “Ez da jendea kartzelara sartzeko garaia. Gatazkaren konponbidea bilatzeko garaia da”.

Diotenez, aurrera “pozik” eta “baikor” jarraituko dute. “Edozein ekaitzi aurre egiteko gai gara”, azaldu du Rodriguezek.

Irati Mujika eta Idoia Iragorri, gainontzeko auzipetuekin bat

Irati Mujika, Idoia Iragorri, Goizane Pinedo eta Unai Ruiz gazte auzipetuek uko egin zioten Espainiako Auzitegi Gorenak epaitzeari, "zilegitasunik gabeko erakundea" delako. Ezkutuan daude orain laurak, baina Mujika eta Iragorri manifestazioan azaldu dira, gainontzeko 36 gazte auzipetuekin batera.

Ruiz eta Pinedo ez egon arren, gogoan izan dituzte. Lau puxika erraldoietan lau gazteen izenak idatzi eta martxa osoan beraiekin eraman dituzte. Bukaeran, puxikak askatu eta airera bota dituzte.

Topatu.info-k egindako bideoa.

Madriletik elkartasuna

Madrilgo Libre plataformak deituta, hainbat pertsonek elkartasuna adierazi diete epaiketetan auzipetutakoei eta "Errepresioa stop. Epaiketa politikorik ez. Gazteriaren kriminalizazioari ez", lelopean manifestazio egin dute Madrilgo kaleetan. "Bizikidetza demokratikorako oinarriak" ezarri eta "aniztasun politikoa" defenditu behar direla aldarrikatu dute.