Uliako Lore Baratzeetan izango da eta egun osoko egitaraua antolatu du Herri Kurduaren Aldeko Donostiako Ekimenak. Martxoaren 21ean, urtero milioika kurduk udaberriaren iritsiera ospatuz, herri gisa badirela nor aldarrikatzen dute. Aste honetan PKKko buru Abdullah Oçalan APO hil ote den zurrumurruak zabaldu dira, eta adibidez, bere ilobak hedabide kurdu bati adierazi dio ezin dutela berarekin harremanetan jarri eta ez dakitela nola dagoen.
Groseko negutegietan (Ategorrieta etorbidean) herri kurduaren lagunek hitzordua daukate Donostian, igande honetan. Egitarau oparoa antolatu dute egun osoan zehar, 12:30ean hasira.
Harreraren ostean, kurduen proposamen politikoa jasotzen duen konfederalismo demokratikoari buruzko tailerra egingo dute 13:00ean. 14:30ean bazkari autogestionatua, 15:30ean argazki erakusketa gidatua, 16:00tan turkiar faxismoaz hitzaldia, 18:00etan emanaldi kulturala, eta egunari amaiera omenaldi batekin emango diote, 18:30ean.
Antolatzaileek adierazi dute estimatuko dutela aurrez izen ematea joateko asmoa dutenek ondoreko e-posta helbidean: dherrikurduarekin@riseup.net
Aurtengo Newroz egunean, zeresana emango du askapen mugimendu politiko kurduaren buruzagi jotzen den Abdullah Oçalanen heriotzari buruzko zurrumurruek. Ez da lehen aldia, baina bere senide eta abokatuek salatu dute ezin dutela berarekin harremanetan jarri Turkiak bakartuta daukalako Imrali uharteko espetxean. Bere ilobak Rudaw hedabideari esan diote ez dakitela nola dagoen.